Guka plataformak deituta, manifestazioa egin dute Bilbon, hirian euskaraz bizitzeko aukerak ukatzen dietenen aurka altxatzeko. Gainontzeko borroka guztiekin bat joango den euskaltzaleen borroka aldarrikatu dute; eta arduradun politikoei beren erantzukizunak betetzeko deia luzatu diete.
Euskararen egunak ohiko ospakizun eta folkore kutsuez gain, borroka eta aldarrikapen usaina ere izan du aurten Bilbon, euskaldun gehien dituen eremu geografikoan, hain zuzen. Erdalduntze makina gelditu! lelopean, ehunka euskaltzale batu ditu Guka plataformak antolatutako manifestazioak. Eliptika plazan hasi eta Arriaga antzoki parera arte, aldarri ugari entzun dira Bilboko Kale Nagusian, eta amaiera ekitaldian mezu argia luzatu dute: gainontzeko borrokekin transbertsala den euskaltzale borroka aldarrikatu dute, “Euskal Herrian pertsona guztien alde egingo den borroka euskaraz soilik” izan daitekeela sinetsita; eta erakundeei "borondate politikoa" eskatu diote, euskarari balioa emateko duten betebeharra bete dezaten.
Egunak ez zuen aurreikuspen onik, hiri eta ordu berean Athletic-Real Madrid partidak hiriko kaleak hustuko zituela espero baitzitekeen. Bilboko euskaltzaleek ez diote huts egin, ordea, Guka mugimenduak egindako deiari, eta ehunka izan dira, ikurriña, Nafarroako bandera eta erdalduntze makina deseraikitzeko erremintak eskuan, Bilboko kaleetan euskararen alde mobilizatu direnak. Auzo guztien izenak erabili dituzte ahotan, hiriko zoko guztietan euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Txistulari eta atabal jole banda batek lagunduta egin dute ibilbidea.
Arriaga antzoki parera heldu denerako, manifestazio buruak zain izan du erdalduntze makina irudikatzen zuen murala, eta horren parean hartu dute berba Gukako kideek. Bilboko euskalgintzak egindako lan “ikaragarria” goraipatu dute, baina egindako lan horren guztiaren aurrean “erdalduntze makina erraldoia” eraiki dutela salatu dute; alegia, euskaldun gehien dagoen tokian ezin dutela euskaraz bizi, “eguneroko garrantzi gutxieneko kontuak” ere ezin dituztela euskaraz egin. Hori horrela, aipatu makinari aurre egiteko lau puntu argi zehaztu dituzte euskalgintzak jarraitu beharrekoak.
Batetik, euskarak “erakargarri” izan behar duela aldarrikatu dute, balioa izan behar duela, eta hori “botereak” lortzen duela. Alegia, hizkuntzak "ezertarako" balio ez duenaren sentsazioak estresa sortzen duela hiztunengan, eta gehitu dute: “Euskaraz bizitzea estres eta konplikazioz beterik bizitzea baldin bada, ez da inoiz desiragarri eta erakargarri izango”. Edozelan ere, Gukako kideek euskararen egoerarekiko dauden zenbait diskurtso arrazista zabaltzeari uko egin diote, “euskaraz dakien pertsonaren” aldeko borroka aldarrikatuta. Azpimarratu dute “pertsona ororen eskubideen borrokaren eskutik” doan borroka dela euskalgin tzarena, “euskararen aldeko borroka balore feministek, ekologistek, antiarrazistek edo antifaxistek bustita” aldarrikatu dute.
Hautu eta ardura politikoak
Euskaltzaleen borrokan aurrera egiteko, norbanakoen ardura kolektiboa aldarrikatu dute. Alegia, euskaldun izatea “hautu politiko bat” dela; onartzea eguneroko jardueretan “estresa” jasango dutela. Hain zuzen ere, azpimarratu dute “euskalgintzari” dagokiola euskaldun izateko hautu politikoari oinarria, komunitatea sortzea. Baina euskaltzaleek lan hori badute ere, argi azaldu dute ardura politikoak dituztenek, “indar politiko, sindikal eta judizialak”, egikaritu behar dutela hori posible bihurtzea, beren “betebehar eta erantzukizuna” dela. Euskararen aurkako oldarraldia izan dute berbagai, eta erasook “indar espainolistetatik” datozen bitartean, euskal administrazioak “beste aldera” begiratzen duela salatu dute.
Ildo horretatik, Bilboko euskalgintzak pairatzen duen egoera jarri dute mahai gainean. “Udal ordenantza ziztrin bat ere” ez duen hirian, Prest! eta Uriola komunikabideek ateak itxi behar izan dituztela gogorarazi dute, baldintza ekonomikoengatik, “erdaraz diren BBKLive eta parekoei milioiak” ematen dizkieten bitartean.
Manifestazioan zehar, Abandoko tren estazio parean, Ikamako kideen parte hartzea ere izan dute, txalo eta oihuz jaso dutena. Abenduaren 11ko ikasle grebara deitzen zuen pankartarekin batu dira manifestaziora. Eta, hain zuzen ere, amaiera ekitaldian bertara batzeko deia luzatu dute Gukako kideek, bai eta "euskararen aldeko olatu mobilitzaileko" beste zenbait mobilizaziotan ere: abenduaren 6an Euskal Herrian Euskarazek Durangon deitutako manifestazioan, eta abenduaren 27an Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbo Arenan antolatutako ekitaldian.