argia.eus
INPRIMATU
Pertsona batzuek GIBa berez nola kontrolatzen duten aurkitu dute
Elhuyar @elhuyaraldizk Egoitz Etxebeste Aduriz 2024ko apirilaren 26a

Pertsona batzuk gai dira GIBa kontrolatzeko. Horien artean bi talde daude: puntu batera iristean birusaren kontrola galtzen dutenak, eta mugagabe kontrolpean mantentzen dutenak. Horien arteko desberdintasunak aztertu dituzte, genoman ezkutatuta dauden birusak (birus-gordailua) detektatzeko gai diren teknika ultrasentikorrak erabilita. 

Eta ikusi dute birusaren kontrola galtzen dutenek, nahiz eta osorik dauden birus oso gutxi izan, zelularen makineria eskuragarri duten genomaren eremuetan integratuta dituztela. Eta, horri esker, aukera dago birus berriak sortzeko. Mugagabe birusa kontrolpean mantentzen dutenen kasuan, berriz, basamortu geniko deritzen eremuetan daude integratuta birusak. Eta kasu horietan, inoiz ezingo lituzkete birus kutsagarri berriak sortu. 

Ikertzaileen arabera, ikerketa honek ateak ireki ditu birusa horrelako eremuetan baztertzeko mekanismoak xehetasun handiagoz aztertzeko. Helburua da immunoterapiak garatzeko ituak aurkitzea, GIBa duten pertsona gehienek birusa kontrolatzea lor dezaten, hori berez lortzen dutenek bezala.