argia.eus
INPRIMATU
Erasoa Frantzian Errepublikaren egunean
Pertsona batek 84 pertsona hil ditu Nizan kamioiarekin harrapatuta
  • Gizonezko batek gidatutako kamioi batek 84 pertsona hil eta ehunka zauritu zituen ostegun gauean Nizan, Frantzian, bi kilometrotan zehar su-artifizialak ikusten ari zen jendea harrapatuz.

ARGIA @argia 2016ko uztailaren 15
Poliziak tiroz hil zuen kamioi gidaria, hark triskantza eragin ondoren. Poliziak tiroz hil zuen kamioi gidaria, honek triskantza eragin ondoren.

Frantzian Errepublikaren eguneko festa zen eta uztailaren 14an eta 23:00etan milaka pertsona ari zen ikusten su-artifizialak Ingelesen Etorbidean. Poliziaren esanetan, kamioia 90 kilometro orduko abiaduran zihoan, eta bi minutu inguru eman zuen abiada bizian pasealekuan ziren pertsona multzoak harrapatuz.

Azkenean poliziak tiroz hil zuen erasotzailea, Kamioiaren barruan tunisiar jatorriko 31 urteko gizonezko baten dokumentazioa topatu zen eta poliziak baieztatu du gidaria bera dela, Mohamend Lahouaiej Bouhlel. Delitu arruntengatik fitxatua zuen poliziak, baina datu horietan ez da agertzen talde islamistekin harremanik izateko susmagarri egin dezakeen ezer.

Izu irudi itzelak bizi izan ziren Nizako Ingelesen Etorbidean, kamioi erraldoi zuria esker-eskuin bolante kolpeak emanez zihoan ahalik eta jende gehien harrapatzeko. Erasoaren tamaina ikusirik, Christian Estrosi Nizako alkateak kalera ez ateratzeko eskatu zien herritarrei.

Hollandek salbuespen egoera luzatu du

Azaroko erasotik geroztik dago Frantzia salbuespen egoeran. Frantziako Tour-aren ostean ziren kentzekoak, hilaren 26an, baina beste hiru hilabetez luzatzea erabaki du François Hollande presidenteak Nizako atentatuen ondoren.

Erasoa izan eta ordu batzuetara helarazi du Hollandek mezua. Sirian eta Iraken ISISen aurkako neurriak gogortuko dituztela adierazi du, eta bonbardaketekin jarraituko dutela. Honen inguruan lan egiteko segurtasun batzordea osatu du ostiral honetarako.

Gainera hiru hilabetez luzatuko du salbuespen egoera. Honek atxiloketak eta galdeketak agindu judizialik gabe egitea baimentzen du. Baita etxeetara sartzea, gauzak konfiskatzea eta komunikazio sistemak miatzea ere.

Hollandek estatu osoan “erabateko zaingoa” agindu du eta erasoa “terroristatzat” jo du: "Frantzia osoa dago mehatxu terroristaren menpe", gaineratu du.

Eraso-arriskua dagoen eremuetan militarren kopurua 10.000tik 7.000ra jaisteko asmoa alde batera utzi du eta erreserba-operazioa hasteko agindu du, hilabeteak lanean diharduten zenbait polizia ordezkatzeko.

France 24 English telebista kateak erasoaren hainbat bideo zabaldu ditu, baita erasoaren osteko Hollande presidentearen adierazpenak ere:

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuek gogor gaitzetsi dute erasoa eta, hildakoen familiekiko eta zaurituekiko elkartasuna adierazi dute, baita Frantziako herriarekin ere. Eudelek ere antzeko ezaugarriekin arbuiatu du erasoa.