argia.eus
INPRIMATU
Landaguneen despopulazioa
Perotx oinetxea birgaitu, Nafarroako Urraul Goiti biziberritzeko
  • Nafarroako landa gune asko daude despopulazio arrisku larrian eta horietako bat da Urraul Goiti Pirinioaurreko bailara. Hango Adoain herrian biztanle bakarra bizi da iraunkorki eta 93 urte ditu. Han da ere Perotx oinetxe zaharra eta berau birgaitzeko herri ekimena abiarazi dute.

Xabier Letona Biteri @xletona 2025eko ekainaren 13a
Perotx etxea Adoainen Perotx biziberritu proiektua

Urraul Goiti haranak 0,9 biztanle ditu kilometro karratuko eta Europako indize demografikoen adierazleetan zortzi biztanle kilometro karratuko muturreko despopulazio egoera da. Adoainen daude 93 urteko biztanlea, Perotx oinetxea eta, hemendik aurrera, eraikin hau bailara suspertzeko erreminta gisa erabili nahi duen talde sustatzailea.

Iñígo Martínez iruindarra taldeko kidea da, besteak beste, The Balde aldizkarian edo Esan Ozenki proiektuan aritutakoa; familia-sustraiak ditu Urraul Goitin eta orain bazter ura biziberritzeko proiektuan buru-belarri murgildu da.

Nafarroako Gobernuak lagata, 1980tik 2005era kaputxinoek kudeatu zuten Perotx: lau solairu, frontoi estali bikaina eta lorategi ederra ditu, bestek beste. Urte horietan udako kanpalekuak, kirol-jarduerak eta herri-ospakizunak hartu zituen bilgunea izan zen.

Hogei urte geroago, Perotx proiektuaren helburuetako bat eraikinari funtzio kolektibo hori itzultzea da, berriro ere elkarbizitzarako leku bihurtuz. “Demografikoki desagertzera kondenatuta dagoen lurralde bat kulturalki, sozialki eta emozionalki suspertzeko funtsezko elementu bilakatuz”, diote proiektuaren sustatzaileek.

Haien esanetan, Perotx berreskuratzea anbizio handiagoko proiektuaren lehen urratsa besterik ez da, honen bidez “lankidetzarako, ikerketarako eta sorkuntzarako espazio bat sortzeko, despopulazioaren aurkako borrokan eta hiri-eremuaren eta landa-eremuaren arteko loturak sendotzean fokua jarrita”.

2024ko udan Nafarroako eta penintsulako hainbat jendez osatutako talde batek astebete pasatu zuen Perotxen, etxea garbitzen eta berreskuratzeko lanei ekiten. Orduan sortu zen Perotx biziberritzeko proiektua eta orduan finkatu ziren ardatzetako batzuk: bailarako errealitateak ulertzeko eta memoriak berreskuratzeko gune izatea, hiri- eta landa-eremuen arteko lankidetza sustatuko duen egoitza artistikoa eta kulturala, bailaran euskara berreskuratzeko ekintzak bideratzea, edota bailarako emakumeen esperientziak ikusgarri egitea.

“Perotx etxeak –diote bultzatzaileek– birgaitze-proiektu bat behar du, erabilera segurua, irisgarria eta ingurunearekiko errespetuzkoa bermatuko duena” eta horretarako crowfunding kanpaina jarri dute martxan: "Perotx: sormen-zirrarak landagunean". Gune hauetan topa daiteke horri buruzko informazio gehiago: Goteo-n, perotx.eus webgunea edo 686 485 980 telefonoa.

Bideo honetan, halaber, Perotx eta proiektuari buruzko informazio gehiago ikus daiteke.