argia.eus
INPRIMATU
Peronismoa galtzaile Argentinako hauteskundeetan, baina uste baino emaitza hobeagoekin
  • Alberto Fernández eta Cristina Fernández de Kirchner-en Frente de Todos alderdiak gehiengo absolutua galdu du Senatuan, baina gehiengoari eutsi egin dio Diputatuen Ganbaran. Mauricio Macriren Juntos por el Cambio nagusi izan da bozetan.

ARGIA @argia 2021eko azaroaren 15
Emaitzak ezagutu ostean adierazpenak egin ditu Argentinako presidenteak.

Iraileko hauteskunde primarioetan izandako emaitza oso txarren ostean, agintean dagoen peronismoaren jaitsiera handia iragartzen zuten inkestek igande honetako hauteskundeetan. Diputatuen Ganbararen erdia berritzen zen, eta Senatuaren herena. Emaitzek oposizioaren nagusigoa baieztatu dute, baina gobernuak uste baino emaitza hobeak lortu ditu eta 2023ko hauteskunde orokorretarako agertokia irekita geratu da.

Diputatuen Ganbarari dagokionez, Juntos por el Cambio 24 distrituetatik hamahirutan nagusitu da, eta peronismoa bederatzitan. Diputatu kopuruan ordea, gehiengoa mantendu du Frente de Todosek: peronistek bi diputatu galdu dituzte, 118an geratuz; Juntos por el Cambiok bakarra igo du eta 116 izango ditu. Senatuan, azkenik, gehiengo absolutua galdu dute peronistek, 45etik 35 senatarira pasaz. Bozka kopuru orokorrari begiratuta, oposizioak bederatzi puntuko aldea atera dio Fernándezek gidatzen duen aukerari. 2023an emaitzak errepikatuz gero, gobernua galduko luke egungo presidenteak.