argia.eus
INPRIMATU
Peronismo irabazleak Argentinako matxinada giroari egin beharko dio aurre
  • Alberto Fernándezek espero baino samurrago irabazi dio Argentinako lehendakaritza Mauricio Macriri. Hemeretzi alderdi eta peronismoaren sektoreak biltzea lortu duen Guztion Frontea indarrak botoen %48 lortu du eta Macri egungo lehendakari eskuindarraren Alda Dezagun koalizioak %40,55.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 28a
Cristina Fernandez de Kichner eta Alberto Fernandez irabazleak garaipena ospatzen. Cristina Fernández de Kichner eta Alberto Fernández irabazleak garaipena ospatzen.

Herrialdea oso egoera estuan dagoela iritsiko da lehendakaritzara Fernández, abenduan, eta ikusi beharko da zein batasun mailarekin erantzuten dion fronte zabal honek lehendakari berriaren agintaldiari. Fernandezen alboan izango da Cristina Fernández de Kichner Macriren aurreko lehendakaria.

Macriren agintaldia neoliberalismoaren itzulera izan da eta orain Fernandezek hark birrindutako eskubide sozialen esparruari duintasuna eman beharko dio, baina krisi handi baten erdian. Argentinak 130.000 milioiko kanpo zorra du Rebelión guneko artikulu honetan azaltzen denez; adibidez, 2020an 20.000 euroko dirutza itzuli beharko du zor horren interesak eta amortizazioa dela eta.

Itzuli beharreko kopuru horien artean dira aurten Nazioarteko Diru Funtsak (FMI) utzitako 44.000 euroak. Agintari peronistek erabaki beharko dute behin-behinekoz uko egiten dioten zorraren ordainketari edo FMIk maileguen baldintza gisa jartzen dituen egiturazko doikuntza gogorrei ekiten dieten. Edozein kasutan, itxura guztien arabera, aberatsenen zergak bai igoko dituzte.

Askoren ustez, Fernándezek irabazi ezean, herritarren matxinada segurutzat jotzen zen, azken urteetan pobreziak oso egoera larrian utzi baititu herritarren esparru zabalak. Azken hilabeteetan asko ari dira gogoratzen 2001eko corralitoaren bueltan Argentinak bizi zuen egoera zaila.

Edozein kasutan, irabazle gisa egin duen lehen agerraldian Fernándezek argi utzi du ez dela AEBen eragin eremuan kokatuko, eta hauteskundeak irabazi berri dituen Evo Morales zoriondu du; Brasili, aldiz, eskatu dio bere urtemugan aska dezala Lula da Silva Brasilgo lehendakari ohia.