argia.eus
INPRIMATU
Periko Solabarria hil da, ezker abertzaleko militante historikoa
  • Periko Solabarria hil da, ezker abertzaleko militante historikoa ARGIAk baieztatu ahal izan duenez. Azken asteetan ahul zegoen eta ospitalera joan behar izan zuen hainbat aldiz. Neumonia hartu zuen orain egun gutxi eta ospitalean zendu da.

ARGIA @argia 2015eko ekainaren 24a
Solabarria ezker abertzaleko militante historikoa.

Solabarria 1930ean jaio zen Portugaleten, familia xume batean. 1954 urtean apaiztu zen eta Meatzaldean hasi zuen arlo horretako bere ibilbidea. Apaiz langile moduan jardun duen hainbat urtetan, eta langile-mugimenduan parte hartze nabarmena izan zuen frankismoan. Hori dela eta, hainbat aldiz espetxeratu zuten.

LAB sindikatuan sartu zen 1975 urtean eta Euskadiko Ezkerra alderdian militantzia labur baten ondoren, Herri Batasunara atxiki zen.

HBrekin Espainiako diputatu izan zen 1979 eta 1982 urteetan. Eusko legebiltzakide ere aukeratua izan zen 1980. urtean. 1983 eta 1987ko foru hauteskundeetan Bizkaiko batzarkide izendatu zuten.

2012ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Euskal Herria Bildu koalizioko Bizkaiko zerrendan azkenengo postua izan zuen. 2013an Barakaldoko jaietako pregoilari izendatu zuten.

Ernairen sorrera ospatzeko egin zuten 2013ko Gazte Danbadan parte hartu zuen, eta bertan "terrorismoa goratu" zutela egotzita auzipetu zuten Ernaiko beste 7 kide eta Topatu.info hedabideko Iraitz Salegi kazetariarekin batera.

Sarean ohiartzun zabala izan du Solabarriaren heriotzak.