Ciudad sin sueño pelikula bat da, baina dokumental bat izan zitekeen. Izenak, lekuak, gertaerak; guztiak dira benetakoak. Periferietan periferiena erretratatu du Guillermo Galoe zuzendariak. Madril kanpoaldean dago Cañada Real, Europako asentamendu irregular handiena. Hango eguneroko bizitza erakusten du, bi neraberen begietatik: Toni(no) ijitua (Antonio Fernández Gabarre) eta Bilal magrebtarra (Bilal Sedraoui). Argirik, urik eta Europako gizarteetan oinarrizkotzat jotzen den edozein erosotasunik barik bizi dira bi gazteak, baina bizimodu horretan dira zoriontsu. Harik eta beren amets hori puskatzera heltzen den Europa: hondeamakinak heldu dira auzora, etxeak botatzen ari dira eta alde egin behar dute.
Toni bizi den auzoa -herria edo hiria izan zitekeen bizi den jende kopuruagatik- galerei balorez erantzuten dien horietakoa da. Laguntasuna, aititarekiko miresmen mugagabea, komunitate bizitza nabari zaizkio protagonistari, Toniri. Bere bizitza oreka batean bizi du, galeren hutsunea betetzen baitute aipatutakoek, eta maite du bere ingurua: maite du aititarekin duen konplizitatea, maite du haren erresilientzia auzoan gelditzeko, maite du kaosak ematen dion askatasuna.
Lehena oreka hori apurtzen Bilal da. Marseillara doa familiarekin, han daukate lehengusua eta gainontzeko familia osoa; eta edonola ere alde behar dute, etxea botako baitiete. Hori da lehen “krak”-a, Toniren ametsaren lehen arrakala. Hortik aurrera, nerabea gainbeheran hasiko da. Puntu gorena izango da bere gurasoak ere etxe bila hasten direnean, eta familian belaunaldi arteko apurketa gauzatuko da. Aititak argi du bere lekua hori dela, “Zelai hau besteko handiak gara hemen, inork ez digu agintzen”; Tinoren gurasoek Madrilera joan nahi dute, pisu batean bizitzera. Eta Tino, bien erdian.
Aitonarengandik, eta, beraz, bere etxearengandik urrunduko duen azken kontua izango da aitonak auzoko batekin egindako tratua: txakurra eman dio etxebizitza berri bat eraikitzeko orube baten trukean. Tinoren txakur maitea. Orduan apurtzen da bien arteko harremana, eta aitonaren askatasun aldarriari bilobak erantzun: “Inork ez dizula agintzen? Ez dizute, bada, etxea bota behar?”.
Cañada Realeko barrunbeetan zehar eraman du ikuslea Galoek, taburik barik erakutsi du droga, animalien trafikoa, azpijokoak; gizarte modernoa eusten dituzten engranajeak, oro har. Saririk ere jaso du: Cannesen gidoi onenari saria eman zioten. Drama etiketa darama pelikulak, eta ez da gutxiagorako: nerabe baten begietatik kontatuta, pertenentzia eta komunitate sentimenduek bestelako esanahi bat hartzen dute, ikuslea malkoetara eramateraino. Bi nerabeen arteko harremanak ematen dio gozotasun puntu bat bestela gordina den kontakizunari. Gogorra da pelikula, baina merezi du ikusteak, gizarteon B aldea ezagutzeko.
Nahi duenak, gainera, Tabakaleran du pelikula osatzen duten irudien erakusketa. Horiek ere, erretratu eder eta gordinak.