argia.eus
INPRIMATU
Perfektua ez, baina zoriontzeko modukoa
  • ZORION PERFEKTUA. Zabaltegi

    Hasi baino lehen, aitortu nahi dut ez dudala Anjel Lertxundiren liburua irakurri, eta beraz ezin konparaketarik egin. Agian hobeto, aurreiritzirik gabe ikusi baitute istorioa nire begiek, eta ona da ikusi dutena. Egia esan, bestelako aurreiritzirik banuen, gehienetan diskurtso moralistez betetako istorio sinesgabeak eskaini baitizkigute, gaia jorratu izan dutenak. Baina oraingoan ez da hala, eta poztekoa da: argumentu konplikatua izan arren, zuzendariak jakin du filma bide onetik eramaten.

2009ko irailaren 25

Hasteko, gidoilari taldean Anjel Lertxundi bera izatea bermea delako, eta bigarrenik, flash-backez josia egonda ere –paraleloki protagonistaren bizitzako hiru une kontatzen dira–, oso ondo gidatu duelako kontakizuna zuzendariak, galtzeko arriskurik gabe. Bitxia da abiapuntua: 15 urterekin, Ainhoak atentatu baten biktima hiltzen ikusi du –ez du hiltzailea ikusi–, baina El Diario Vasco egunkariak Ainhoaren argazkia aterako du azalean, atentatuaren lekuko izan dela adieraziz. Hilketaren aldekoek nahiz kontrakoek, ez dute sinetsiko Ainhoak hiltzailea ikusi ez duenik eta edozein jazarpenetik aldentzeko, neskatoa Bartzelonara bidaliko dute gurasoek.

 

Ondoren, gertakari gehiago biziko ditu Ainhoak, baina ez dugu argumentu guztia agerian utziko! Kontua da lehen film luzea izateko Jabi Elortegik oso ondo kontrolatzen jakin dituela tempoak eta jauzi narratiboak. Halaber, gustatu zait asmatutako egunkari bat erabili beharrean, neskatoa arriskuan jartzen duen berripaperari izen-abizenak jartzea: El Diario Vasco. Morboaren mesedetan hainbat argitalpenek duten jarrera salatu ostean, zein kritika egingo dio pelikulari El Diario Vascok? Anne Igartiburuk berriz, ez nau aktore lanetan guztiz konbentzitu. Pena, bera baita pisu gehien duen pertsonaia.

 

 

Zorion perfektua

Zuzendaria: Jabi Elortegi

Aktoreak: Anne Igartiburu, Aia Kruse, Alberto Berzal, Elena Irureta, Felix Arkarazo.

90 min.

Euskal Herria