argia.eus
INPRIMATU
Pentsioen igoera “iraingarriarekin” oinarrizko beharrak asetzerik ez dutela salatu du Duintasunak
  • Pentsioen %0,25eko igoera “burla egitea” dela uste du Duintasuna jubilatu eta pentsiodunen plataformak, eta gutxienez 1.000 euroko pentsioak ezartzea eskatu du.

Malen Aldalur Azpillaga @malenaldalur 2015eko urtarrilaren 07a
Jubilatuek elkarretaratzea egin dute Donostian, pentsio duin batzuk eskatzeko. (Argazkia: www.eldiario.es)

Duintasunak asteartean Donostian egindako elkarretaratzean salatu du ia ezinezkoa dela “limosna” horrekin bizitzea: “Igoera hau iraingarria da kontuan hartzen bada zenbat garestitu den eguneroko erosketa otarra”.

Gaineratu du aintzat hartu behar dela azken aldian BEZ-a izaten ari den bilakaera, baita Eusko Jaurlaritzak sendagaiei ezarritako berrordainketa ere.

“Uste dugu badugula nahiko arrazoi protestatzeko”, esan du Marian Esnaola plataformako bozeramaileak. Adierazi du 2014an eta 2015ean ezarritako %0,25eko igoera oso txikia dela eguneroko bizitzari aurre egiteko, El Diariok jaso duenez.

Datuak

Pentsiodunen %70 inguruk 1.000 euroz azpiko pentsioa jasotzen du, eta haietako %40 inguruk 700 euro baino gutziago jasotzen du, El Diariok nabarmendu duenez. Pentsiodunen ia erdiak 2 euroko igoera izango du. Plataformaren hitzetan igoera oso motz geratzen da, aintzat hartzen badugu oinarrizko produktuak %3 garestitu direla, elikagaiak %4 eta %6 artean, eta argia %11.

Emakumeak kaltetuenak

Emakumeek egoera kaskarragoa bizi dute, Duintasunako bozeramaileak dioenez: “Gutxiago kotizatu dute etxeko lanetan jardun dutelako edo alargunak direlako”.

Esnaolak salatu duenez, zergarik ordaindu ez dutenen pentsioak  400 euro ingurukoak dira.

Duintasuna plataformak dei egin du hilean behin egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzeko.