EAEko eta Nafarroako Pentsiodunen Mugimenduak gutuna bidali die Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Gizarte politiketako sailburuei, ahaldun nagusiei eta Nafarroako lehendakariari. Egoitzetako eta etxez etxeko zerbitzuetako informazio osoa, egiazkoa eta objektiboa eskatu dute.
Gara egunkariak dioenez, Pentsiodunen Mugimenduak inprobisazioa, babesgabetasuna eta baliabide urriak salatu ditu. Gutunak dio, ebidentziak ikusita, etxez etxeko zerbitzuetako eta egoitzetako arreta politikek 180 graduko bira eman behar dutela.
Osasun krisiagatik adinekoak bakartuta daudenez, bakarrik, beren maiteei agurrik esan gabe, hiltzen ari direla adierazi du Mugimenduak eta azken agurra eman ahal izateko komunikazio bitartekoak antolatzea eskatu du. Foru aldundien, udalen, Osakidetzaren eta Osasunbidearen ardura diren egoitzetan, bizitzaren amaierarako dauden laguntza neurriak bateratzea eta publiko egitea eskatu dute.
Langileak, gehienak emakumeak, gutxieneko segurtasun neurririk gabe ari direla beharrean salatu du Mugimenduak eta gutunean agintariei informazio zehatza eskatu die ondoko gaiei buruz: adinekoen eta langileen kopuruak egoitzetan eta etxez etxeko zerbitzuan; birusak erasandako pertsonak; egindako detektatze-testak; atzemandako larritasun-maila; gainditutako infekzio-kasuak; sintomak baino ez dituztenen kasuak; eta heriotzak.