argia.eus
INPRIMATU
Pentsiodunen mugimenduaren lege-proposamenak ia 140.000 sinadura lortu ditu
  • Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak lau hilabetetako kanpainan lortu du 140.000 herritarren babesa. Herri Ekimen Legegilea maiatzaren 15ean aurkeztuko du Eusko Legebiltzarrean. Pentsio duinak eta gutxieneko soldata besteko pentsioak eskatu ditu mugimenduak.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko maiatzaren 05
EHPMek larunbatean Goierrin egindako sinadura bilketa. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua

Urte hasieran Herri Ekimen Legegilearen (HEL) kanpaina inoizko sinadura kopururik handiena lortzeko helburuz abiatu zuen eta larunbat honetan amaitu da. Azken sinadura bilketa baino lehen, 125.000 sinadura eskuratu zituen mugimenduak. Egun ia 140.000 direla ezagutarazi du pentsiodunen mugimenduko kide Iñaki Martinek. Jendearen babesa izugarri eskertu du eta adierazi du hura gabe ez luketela lortuko. Hala ere, sinaduren datu ofizialak maiatzaren 7an aurkeztuko dituzte Donostian. 

140.000 sinadurako langara zapatuan egindako azken bilketarekin gerturatu da mugimendua, "Zure sinadura falta zaigu…" lelopean. EAEko zenbait herri eta hiritan sinadurak biltzeko mahaiak jarri ditu eta adierazi du "HEL bakar batek ere lortu ez duen sinadura-kopurua lortzeko eguna" izan dela.  Herri Ekinaldi Legegilea maiatzaren 15ean aurkeztuko dute, Eusko Legebiltzarrean. Horretarako, manifestazioa egingo dute Gasteizen, eta herriz herri bertaratzeko autobusak antolatu dituzte. Manifestazioa legebiltzarrean amaituko da.

Pentsioak osatzeko Euskal Sistemaren proposamena 

Eusko Legebiltzarrari luzatzen dioten proposamena ondokoa da: "60 urtetik gorako pertsonek oro har jasoko duten Pentsioak Osatzeko Euskal Sistema bat ezartzea, bazterkeria-arriskua prebenitzeko, bizimodu duina bermatzeko eta gizartean erabat sar daitezen sustatzeko". Pentsioak gutxieneko soldatarekin parekatzeko eskatu dute eta aitortzea egungo pentsio sistemak ez duela "oinarrizko premiei eta bizitza duin bat garatzeari lotutako gastuei aurre egiteko diru-sarrera nahikorik".

EHPMak egindako kalkuluek ezagutarazi dute pentsioa jasotzen duen herenak gutxieneko soldata baino diru sarrera txikiagoa duela, eta horien %70 emakumeak direla. HELak 65.000 emakumeri egingo lioke mesede, asko 850 euro baino gutxiagorekin bizi baitira. Proposamenak pentsioen esparruan %30koa den genero-arrakala apaltzen lagunduko luke, mugimenduaren esanetan. Izan ere, emakumea tradizionalki lan munduan diskriminatuta egon denez, zaintza lan pagatu eta baloratu gabeetan lanean, pentsio apalak jasotzen dituzte behin erretiro adinera iristean.