argia.eus
INPRIMATU
Pentsiodunen aldarriak ez du etenik
  • Hego Euskal Herriko hiriburuak pentsiodunez bete dira, beste behin, asteburu honetan. Martxoko deialdiarekin alderatuz, Bilbo, Gasteiz eta Iruñeako parte hartzea jaitsi egin da. Aldiz, Donostian 10.000 manifestari gehiago izan ziren. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta KPIa lortu arte borrokan jarraitzeko prest dira.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko maiatzaren 28a
Argazkia: Ecuador Etxea

Milaka lagun batu ziren Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean pentsio duinak aldarrikatzeko. Indar erakustaldia izan zen lau hiriburuetan, baita beste hainbat herritan ere, Eibarren esaterako. 70.000 pertsonatik gora atera ziren kalera, eta hiriburuen arabera banatuz gero zifra bera, hauek dira datuak: 33.000 baino gehiago Bilbon, 30.000 Donostian, 4.000 Gasteizen eta 1.500 inguru Iruñean.

Bestalde, ez ditu asebete EAJren eta PPren arteko akordioak. Pentsioek KPIaren araberako igoera izango dute aurten eta datorren urtean, baina hemendik hiru urtera %0,25eko igoera izateko “arriskua” benetakoa dela azpimarratu dute. “Oker dabiltza gure mugimendua geldiarazi nahi zutenak”, adierazi dute Bilboko Udaletxe aurrean.

Aurreko mobilizazioekin alderatuz, larunbatean gazte ugari joan ziren manifestazioetara. Helduen afera ez ezik, gazteen oraina eta etorkizuna ere jokoan dagoela gogoratu zuten Donostian Ernaiko kideek. Manifestazioek ezkerreko alderdien, sindikatuen, mugimendu feministaren eta gazte erakundeen babesa izan dute.