Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta zenbait herritan elkarretaratze jendetsuak deitu dituzte laugarren urtez. Salatuko dute Espainiako Kongresuak azaroan onartutako pentsio erreformak ez dituela indargabetzen 2011ko PPren erreformaren “alderdi atzerakoienak”.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deituta, urtarrilaren 15ean kaleak hartuko dituzte pentsio publiko duinak eskatzeko. Laugarren urtez, elkarretaratze jendetsuak eta anitzak egingo dituzte larunbat eguerdian, Hego Euskal Herriko hiriburuetan ez ezik Eibarren, Ondarroan, Tafallan, Altsasun eta Lizarran ere. Herritar oro deitu dute aldarrikapenetan parte hartzera: “Aukera paregabea da prekarietatea eta miseriazko soldatak pairatzen dituzten pertsona guztiok elkarri laguntzeko”.
Pentsiodunen eskari nagusiak dira, besteak beste, gutxieneko pentsioak 1.080 eurokoak izatea eta “benetako KPIren igoeraren arabera” ezartzea. Salatu dute 2021eko azaroan Espainiako Diputatuen Kongresuan onartu zen pentsioen erreformak ez dituela 2011ko PPren erreformaren “alderdirik atzerakoienak” indargabetzen, eta PSOEren eta Unidas Podemosen gobernu koalizioari eskatu diote pentsiodunen aldarrikapenak kontuan hartzeko.
2011ko murrizketek bere horretan segiko dutela kritikatu dute: erretiro adina atzeratuta, genero-arrakala betikotuta, eta pentsio pribatuei mesede eginda. Azpimarratu dutenez, KPIren eta pentsioen igoerak alderatuta, erosteko ahalmena %3 murriztuko zaie.
Halaber, Espainiako azken lan erreformaren aurka agertu dira, eta gobernuari zein patronalei gogorarazi diete ez dutela onartuko pentsioen, soldaten eta bestelako eskubide sozialen murrizketarik.