Frantziako Gobernuak 41,5 urtetik 43 urtera luzatu nahi du pentsio osoa kobratzeko gutxieneko kotizazio aldia. Aldaketa pixkana emango litzateke 2020an hasita, 2035era bitartean.
1973tik aurrerako belaunaldiek kotizatu beharko dute 43 urte, pentsio osoa jaso nahi badute, Europe 1 irratiak zabaldu duenez.
Bestalde, Gobernuak ez du legezko erretiro adina –62 urte– luzatzeko asmorik. 2010ean erabaki zuen Nicolas Sarkozyren gobernuak erretiro adina 60 urtetik 62 urtera pasatzea.
Urriaren 7an abiatuko da pentsioen erreformari buruzko eztabaida Frantziako Parlamentura. Eskuineko politikariak kontra agertu dira, eta ezkerreko alderdien artean hainbat jarrera ageri dira, Jenofa Berhokorigoin kazetariak Berria egunkarian nabarmendu duen bezala. PRG Ezkerreko Alderdi Erradikalak babesa eman dio alderdi sozialistari; Europa Ecologiek neurri batzuk kritikatu baina ez du aurkako postura tinkoa planteatu; eta Ezkerreko Fronteak eta Alderdi Komunistak "injustutzat" jo dute, "eskuinaren politikatzat".