argia.eus
INPRIMATU
“Pelotazo urbanistiko” saiakeraz ohartarazi du Irabazi Barakaldok
  • Barakaldoko Burtzeña auzoan, A8 alboan, eraiki nahi dituzten etxebizitza-blokeetan "pelotazo urbanistiko" zantzuak daudela salatu du Irabazi alderdiak.

ARGIA @argia 2018ko maiatzaren 24a

"Proiektua ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren azterketa prozesuan dago eta koalizioak, lehendabiziko azterketa egin ondoren, egiaztatu du 'hirigintza-pelotazoaren aztarnak' egon badaudela", dio webgunean paratutako oharrak. Irabazi Barakaldoko zinegotzi Maider Urbanetak adierazi du ‘04 esparruko’ aldaketak jardute-eremua murriztu duela, baina eraikigarritasuna %40 handitu. "Gainera, proiektutik at utzi dute mendi-hegalaren goiko partea, gehiengoa duen jabearen balizko gastuak gutxituta”.

Dioenez, Udalak argitu beharko du dokumentuak jasotzen duen proposamena jabetzarekin adostu eta bere egin ote duen, eta tramitazioa onartu al duen munizipala balitz bezala, " argi dagoenean interes publikoa ez dagoela justifikaturik eta bai, ordea, interes pribatua".

Koalizioaren bozeramaile Eder Alvarezek azaldu duenez, nahiz eta eraikigarritasuna handitu, promozio publikoko etxebizitzak %35en mantenduko dira, legez %40 den arren, oro har. Ingurumen-ebaluazioari dagokionez, Alvarezek esan du "kutsatutako lurzoruak" direla, "goi-tentsioko lineak daude, uholdeak maiz gertatu dira, trenbidea dago… denetarik daukagu eremu horretan". Halaber, kritikatu du "enpresakoek baieztatzea udalbatzako lehenengo tramitea hemendik gutxira izango dela edo ziurtzat ematea lehenengo eraisketak urte bukaeran egingo direla; gobernu taldeak asko du argitzeko".