argia.eus
INPRIMATU
Pelix Sarasola sukaldari hil berriari azken agur hunkigarria egin diote Habanan
  • Abenduaren 16an 72 urterekin hil zen Usurbilen (Gipuzkoa) Pelix Sarasola sukaldari eta euskal kulturzale ezaguna. Sorterrian egin zaizkion azken agurrez gain, oroimenezko ekitaldi hunkigarria eskaini diote Habanan bai bertan diren euskaldunek eta bai Pelixen bitartekaritzarekin Euskal Herriarekin harremana estutu duten kubatarrek.

ARGIA @argia 2018ko abenduaren 27a
Joseba Sarrionandia omenaldia aurkezten, atzean daukala Pelix Sarasolaren argazkia Kubako eta Euskal Herriko banderen artean. (Argazkia: Resumen Latinoamericano)

Pelix Sarasola Altzaga ARGIAren lagun handia izan da urte luzez, besteren artean ARGIA Sarien ekitaldiak beti haren jatetxeetan burutu izan direlako, hasi Txartel Txokotik eta Txitxardin Beltxan barrena azken urteotako Atxegaraino. Euskal kultur mundutxoko beste hainbat ekintzailek ere bazuten Pelixen eskuzabaltasunaren berri. 

Pelixek aspalditik zeukan harreman estua Kubarekin, jatetxeetako bere lan profesionala tartekatzen zuelarik uharte hartan egiten zituen egonaldi gero eta luzeagoekin. Erretreta hartu ostean Habanan bizi zen nagusiki, ahaztu gabe tarteka itzultzea Europako lagunetara. Azken bidaian bihotzeko operazio serio bat egin beharra egokitu zitzaion eta horren osteko konplikazioek eraman dute.

Kuban utzi dituen lagunek abenduaren 23an despeditu dute Sarasola, Resumen Latinoamericano hedabideak jaso duenez. La casa de la bombilla verde ostatu habaneroan agur eta omenaldia eskaintzera bildu ziren kubatar eta euskaldun sorta, tartean Joseba Sarrionandia:

Kubanoen artetik, Jorge Romero jeneralak hitzalditxo hunkigarriz despeditu zuen Pelix eta Resumen Latinoamericano hedabidearen zuzendari Carlos Aznarezek omenalditzat irakurri zuen Daniel Chavarria idazle uruguaytarraren ipuin labur bat, Tortilla escalonada. Ekitaldia beren lekukotasun eta kantuz osatzera hurbildu ziren kantariok ere Ray Fernández, Pancho Amat  eta Duo Jade. Azken-azken agurtzat, Mikel Laboa eta Joxanton Artzeren Txoria Txori abestu zioten Pelix Sarasolari.

Argazki eta bideo gehiago, Resumen Latinoamericano-ren albiste honetan: Cuba-Euskal Herria: Vasc@s y cuban@s homenajearon al fallecido cocinero Félix Sarasola en La Habana.