argia.eus
INPRIMATU
Pelax, Rudiger, Su Ta Gar, Süne edo Octopussy, EHZn iragarritako talde berrien artean
  • Auhen, Janus Lester eta Old School Funky Family taldeak ere izango dira festibalean. Ekainaren 28an, 29an eta 30ean egingo dute jaialdia, Arberatzen. Hiru egunetarako bonu berriak jarri dituzte salgai.

ARGIA @argia 2024ko apirilaren 02a
2023ko EHZ. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

EHZk festibalaren aurtengo edizioan parte hartuko duten talde gehiagoren berri eman du: Su Ta Gar, Sune, Rudiger, Auhen, Pelax, Old School Funky Family, Janus Lester eta Octopussy. Aurretik iragarrita zuten jada Belako, Nakar, Vincen Garcia, Benizze, Lysistrata eta Eesah Yasuke taldeen parte hartzea.

Talde berriak iragartzearekin batera, festibalak irauten dituen hiru egunetarako bonuak jarri dituzte ere salgai webgunean, 51,50 euroan, maiatzaren 5a bitartean. Ordutik aurrera 60 euroko prezioa izango du bonuak. Maiatzaren 6an jakinaraziko dute egitarau osoa, eta orduan jarriko dituzte salmentan eguneko sarrerak ere. Laguntzaile izateko aukera maiatzean zabalduko dute.

Urtero legez musika kontzertuez gain askotariko jarduerak gozatu ahal izango dira EHZn. Aurten, lehenbizikoz, Arberatzen (Nafarroa Behera), Irisarri atzean utzita. Herriko plazan eta herriko eskolan hainbat emanaldi, tailer eta hitzaldi izango dira.