argia.eus
INPRIMATU
Peio Dufau (CGT): “LAB baztertzea erabaki politikoa da”
  • Ipar Euskal Herriko CGTko zenbait ordezkari ez daude ados euren sindikatuak LAB salatu izanarekin. Abuztuaren 30ean batzarra egingo dute, zer egin erabakitzeko.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko abuztuaren 19a
LAB sindikatuko kideak, Baionan egindako manifestazio batean. (Kazeta.info)

“LABekin elkarlanean aritzea eskatu genuen CGTren Baionako kongresuan, eta ez dute halakorik nahi: Parisek gainontzekoak baztertu nahi ditu. Hortik dator salaketa”. Peio Dufau CGTko ordezkariak bere sindikatuak LAB auzitara eraman izanaren inguruan duen iritzia plazaratu du Euskal Irratietan. Dufauk azaldu duenez, LAB baztertzeko erabakiak zantzu politikoak ditu: “Hemengo CGTn beti izan da euskaldunen eta ez euskaldunen arteko talka, eta egoera hau horren segida da”.

Dufauren antzera pentsatzen du Jeannot Astiri sindikatu bereko kideak: “Ziur naiz salaketaren auzia hemendik atera dela, nahiz eta aitortu ez. Euskaldunen aurka daudelako eta LAB traba gisa ikusten dutelako antolatu dute hau guztia”. Astirik gaineratu du erabakia Parisen hartu dutela. Bere esanetan, CGTn proposamenak behetik gora egin ohi dituzte, eta Parisen aplikatu besterik ez dituzte egiten, baina oraingoan alderantziz gertatu da.

Horregatik, egoera “mingarritzat” jo du Astirik: “Ekainaren 2 eta 3ko kongresuan erabaki genuen LABekin lan egiteko prest geundela, eta handik 15 egunera jakin genuen Parisko zuzendaritzak auzitara eraman zituela. Ezin dugu hori onartu, eta ez dugu onartuko”. Nabarmendu du batzarrak egin dituztela enpresa komiteetan, eta LABekin duten elkarlanari eusteko asmoa erabatekoa dela azaldu du. Abuztuaren 30ean bilduko dira berriz, zer egin erabakitzeko.

Dufauren ustez, “LAB bere bidea egiten ari da, lekua irabazten, eta haren aurka borrokatzeak ez du biderik. Guk langileen alde egiten dugu, ez gainontzeko sindikatuen aurka”. Bere aldetik, Astiriren arabera, azaroko enpresa hauteskundeetan “LAB baztertuta bozka gehiago lortuko dela uste badute, oker dabiltza. Egunero hitz egiten dut langileekin, eta ez pentsa LAB ez bozkatzeagatik CGT hautatuko dutenik”.

Zuzendaritzaren aldebakartasunarekin haserre

CGTren zuzendaritzak aldebakartasunez jokatu izanak “mindu” egin ditu Astiri eta Dufau. Azken honek azaldu duenez, LABeko militante batek deituta jakin zuen salaketarena: “Jendea haserre dago, eta militante batzuek sindikatua utzi dute. Horrelako gertakari bat mingarria da, batez ere euskalduna izanda eta demokratikoki hartutako erabakiak onartu ez dituztela jakinda”.

Datorren irailaren 2an dira azalpenak ematera etortzekoak CGTko zuzendaritzako zenbait ordezkari, eta haserrearen gainetik “ongi etorriak” izango direla zehaztu du Astirik: “Nahi dut jakin zergatik hartu duten halako erabaki bat”.