argia.eus
INPRIMATU
Pedro Sanchez izendatu dute Espainiako Gobernuko presidente
  • Bigarren bozketan lortu du PSOEko hautagaiak beharrezko bozka kopurua. Ez da ezustekorik izan, eta gehiengo sinple estuarekin lortu du Pedro Sanchezek izendapena. PSOE eta Unidas Podemos (UP) alderdien arteko koalizioak gobernatuko du Espainiako Estatua.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 07a
Argazkia: El Salto / Dani Gago

Eguerdian hasi da saioa, eta 14:15etan hasi dira bozka ematen diputatuak, banan-banan eta ahoz. Eskuinak mamua azken unera arte astindu badu ere, ez da tamayazo-rik egon: Pedro Sanchezek aldeko 167 bozka jaso ditu, ezezkoak 165 izan dira eta 18 abstentzio. Alde bozkatu dute PSOE (120), UP (35), EAJ (6), Más País (3), Nueva Canarias (1), Teruel Existe (1) eta BNG alderdietako ordezkariek. Aurka egin dute PP (89), Vox (52), Ciudadanos (10), Junts Per Catalunya (8), CUP (2), Navarra Suma (2), PRC (1) eta Coalición Canaria (1) alderdiek. ERC (13) eta EH Bildu (5) abstenitu egin dira.

Koalizio gobernua lehen aldiz

Lehen aldiz gobernatuko du Espainiako Estatua gobernu koalizio batek frankismoaz geroztik. Komunikabideetan argitaratutako informazioen arabera, gobernu berriak hiru presidenteorde izango ditu: UPren aldetik Pablo Iglesias, eta PSOEko Carmen Calvo eta Nadia Calviño. UPk beste lau ordezkari izango ditu gobernuan: Irene Montero, Yolanda Díaz, Alberto Garzón eta Manuel Castells.

Gobernu ahula

Luzea eta nekeza izan bada gobernu koalizioaren osatze prozesua, ez dirudi gobernagarritasuna errazagoa izango denik gaurtik aurrera. Gobernu berria minorian dago, 350 eserlekuetatik 155 ditu. Aurrekontuak onartzeko edo agindutako lege aldaketak egiteko oreka zailak egin beharko ditu Sanchezek eta periferiako botoak ezinbestekoak izango dira. Itxura guztien arabera, Herrialde Katalanek berriz ere zerikusi handia izango dute estatu mailako politikan. Eremu horretan galderak erantzunak baino gehiago dira gaur gaurkoz, eta ordezkari katalan independentisten bozkak erabakigarriak dira Espainiako Kongresuan.