Hautagaiak zehazteko dauden arren, Generalitateko Lehendakaritza sailburu izan zen eta egun preso dagoen Jordi Turull “hautagai egokia” litzatekeela aipatu du David Bonhevi alderdiko presidenteak.
Europako hauteskundeetarako PDeCAT alderdiak EAJrekin koalizioa osatuko duela iragarri du Bonhevik, RAC1 irratian asteartean egin dioten elkarrizketan. EAJz gain, “beste alderdi nazionalista batzuk” koaliziora batzea nahi dutela ere aipatu du.
Nacio Digital agerkariak aurreratu duenez, Jordi Turullek bere burua aurkeztu du koalizioaren hautagai izateko. Turullen hautagaitza begi onez ikusten duen arren, alderdikideek otsailera arte hasiko ez diren hauteskunde primarioetan hartu beharreko erabakia dela gogoratu du Bonhevik.
Turullen hautagaitza gailenduko balitz, Kataluniako burujabetza prozesuaren aurkako epaiketarekin aurrekanpaina egiteko asmoa duela ere aurreratu du Nacio Digitalek.
EAJren iritziz, PDeCAT eta beste alderdi nazionalistekin koalizioa osatzeko akordioa “ona eta positiboa” litzateke. Are eta gehiago, Espainiako Estatuan dagoen "klima zentralizatzailea" eta "espainiar nazionalismo zaharkituenaren berragertzea” kontuan izanik.
Hala ere, EAJk ez du PDeCAT-en erabaki ofizialaren baieztapenik jaso oraindik, Berria egunkariak argitaratu duenez.