argia.eus
INPRIMATU
“Pazienteen segurtasuna kolokan jartzen duena euskaraz ez dakien osasun profesionala da”
  • Hizkuntzak osasun arretaren kalitatean duen eragina aztertu dute EHEk eta EHUk. Jon Zarate Sesma EHEko kide eta EHUko ikertzaile doktoreak emaitzen xehetasunak eman ditu.

Olaia L. Garaialde 2025eko uztailaren 11

“Batzuetan hitzak topatu ezinik aurkitu dut nire burua ”. “Bai, mina azaltzerakoan edo egoera jakin bat azaltzerakoan ez ditut hizkuntz baliabide berberak izan eta hortaz ez naute ondo ulertu.”. “Batez ere semea txikia zenean eta pediatrak berari gazteleraz galdetzen zionean, haurrak ezin baitzuen sentitzen zuena behar bezala adierazi”. Horiek dira paziente euskaldunek erdaraz arreta jasotzeagatik adierazi dituzten zenbait muga. Hizkuntzak, euskarak kasu, osasun arretan duen garrantzia aztertu dute EHE Euskal Herrian Euskarazek eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateak. Horretarako, EHEn euskararekiko atxikimendu handia duten ia ehun pertsonen esperientziak jaso, eta Hizkuntza eta osasuna txirikordan. Segurtasun linguistiko eta kulturala osasun arretaren irisgarritasunerako eta kalitaterako txostenean bildu dituzte. Bertan parte hartu dute Aitor Montes Lasarte Osakidetzako familia medikuak, EHUko Jon Zarate Sesma eta Izaskun Elegarai ikertzaile doktoreak, EHUko Euskaraz Sendatu taldeko Miren Herrero ikasleak eta Aintzat taldeak. Jon Zarate Sesmak (Lekeitio, Bizkaia, 1979) txostenaren nondik norakoak azaldu ditu.

Hizkuntzak, euskarak kasu, osasunaren kalitatean duen eragina aztertu duzue. Nola definituko zenuke kalitatea osasun sistemaren ikuspegitik?

Oinarri bezala 2006an Osasunaren Mundu Erakundeak erabiltzen duen definizioa hartu dugu. Sei irizpide zehaztu zituzten: eraginkorra izan behar duela, efizientea, irisgarria, onargarria, ekitatiboa eta segurua. Azpimarra jarri nahi genuen pazienteak aukeratzen duen hizkuntzan  arreta osoa emateak eragiten duen segurtasunean.

Zerk piztu dizue gaiari heltzeko premia?

Bi arrazoi nagusi daude. Alde batik, Osakidetzak bere garaian nahiko ekimen egokia planteatu zuen pazienteek edo erabiltzaileek beren lehentasunezko hizkuntzaren erregistroa egin dezaten. Hala ere, ez zen modurik egokienean gauzatu. Ikusi genuen gorantza doala euskaraz artatuak izan nahi duten pertsonen eskaria. 2021eko datuen arabera, 300.000 erabiltzailetik gora dira Osakidetzan. Nahiz eta zifrak oso altuak ez izan, garrantzitsuak dira. Bestetik, hizkuntza eskubideak defenditzea ezinbestekoa da, baina hemen jokoan dagoena arretaren kalitatea da. Aipatu dudan definizioa ikusita eta ikerketa lanak aztertu ostean, ikusten genuen pazienteak aukeratutako hizkuntzan artatzea eta osasun arretaren kalitatea banaezinak direla.

Hiru laurdenak mugak sentitu ditu erdaraz arreta jasotzeagatik. Kezkarik piztu dizue emaitza horrek?

Parte-hartzaile ia gehienak elebidun osoak dira. Laurden batek aipatu du ez duela mugarik sentitu, seguraski izanen da ez daukagulako inolako arazorik espainola ulertzeko. Hala ere, hiru laurdenek esan dute mugatuak sentitu direla. Horren atzean beste zerbait dago emozioekin lotzen dena. Ez dauka zerikusirik ulermenarekin. Osasun arloko profesional batekin zaudenean zure etxeko hizkuntzan artatzeak esperientziarekin lotzen zaitu.

Zer-nolako sentimenduak adierazi dituzte euskaraz artatzeagatik?

Zure etxeko hizkuntzan, kasu honetan euskaraz, artatzen zaituztenean zenbait adjektibo agertzen dira: erosoago aurkitzen dira, lasaiago, seguruago, konfiantza sentitzen dute, goxotasuna, motibazioa, normaltasuna, kidetasuna, maitasuna, poztasuna, etxekotasuna, erlaxazioa, hunkidura, askatasuna eta beste batzuk. Lotura zuzena dute erabiltzailearen esperientziarekin. Sentipenak eta emozioak deskribatzea eta neurtzea osasun sistemen erronka izango da. Osasun sistemak humanizatu eta kalitatezko sistemak nahi badira, paziente horien esperientziak kontuan hartu beharko dira. Zentzu horretan, hizkuntza oso aldagai garrantzitsua izango da, karga emozional handia duelako eta gure identitatea biltzen duelako.

"Ez da nahikoa B2 mailarekin. Horrek ez dizu gaitasuna ematen paziente euskaldun bati hurbiltasunezko azalpen enpatiko bat emateko"

Mugei dagokienez, geriatrian, pediatrian eta osasun mentalean arreta berezia jarri behar dela diozu. Zer-nolako kezkak aipatzen dituzte?

Batez ere aipatzen dute ulermenari dagokionez komunikazio muga handiak daudela. Azpimarratu nahi izan ditugu zaurgarritasun egoera handiagoan daudelako, eta jasotako erantzunen %15 inguru guraso diren erabiltzaileen egoerak direlako. Horrek argi uzten du gaur egun ez daukagula nahikoa osasun profesional C1 mailarekin edo euskara jasoarekin. Gure helburua epe ertain edo luzera arreta osoa euskaraz ematea bada ere, uste dugu horrelako kolektiboek urgentzia handiagoa dutela.

Zein beste neurri hartu beharko lirateke euskarazko arreta bermatzeko?

Ikuspegi integrala proposatzen dugu, baina uste dugu lehentasunak ezarri behar direla. Ezinbestekoa ikusten dugu adibidez, Osakidetzan jada lanean dauden profesionalak –euskara ez dakitenak zein maila jasoa ez dutenak– euskalduntzea. Horretarako diru asko eta baliabideak behar dira. Badakigu mugak egon daitezkeela, baina euskara jakin behar dute. Bigarren elementu garrantzitsua da gurera lanera etorriko diren langile guztiei euskara exijitzea. Ez da nahikoa B2 mailarekin. Horrek ez dizu gaitasuna ematen paziente euskaldun bati hurbiltasunezko azalpen enpatiko bat emateko. Hirugarren elementua izango litzateke historia klinikoak eta ebolutiboak euskaraz idaztea. Sistemak babestu beharko lituzke beren lana kalitatez egiten duten profesionalak.

Azken elementuak eztabaida piztu izan du; zergatik?

Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko II. Planaren ebaluazio txostena egin zenean, esaten zuten historia klinikoa euskaraz idazteak kolokan jarri zezakeela pazientearen arreta, zenbait profesionalek ez dakitelako euskaraz. Horrek ardura osoa jartzen du euskaraz eta kalitatez lan egiten duten profesionalengan. Agian erasokorra iruditu dakioke ahalik eta hobekien lan egiten saiatzen den osasun arloko profesionalari, baina pazienteen segurtasuna kolokan jartzen duena euskaraz ez dakien osasun profesionala da.

Euskaldunak ez direnentzat itzultzaile neuronalaren aldeko apustua egin du Osakidetzak. Zein mezu bidaltzen die horrek Euskal Herriko osasun sisteman lan egin nahi dutenei?

Esaten ari gara lasai egon daitezkeela, itzultzaile automatikoa izango dutelako eta ez dutelako beharko inoiz euskara ikasi. Itzultzailea neurri osagarri bat izan daiteke, beti ere aurretik aipatutako neurrietan indarra jartzen badugu.