argia.eus
INPRIMATU
Euskara
Pausoz pauso
  • Abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna. Jolasak, dantzak eta kantaldiak bero-bero euskaldunon hizkuntza goraipatzeko. Euskararen presentzia nabarmena da lurraldeko txoko anitzetan.

Iker OƱate Aiastui @iker_onate 2015eko abenduaren 03a

Hizkuntzak birkonkista aroa hasi du, eta indartuz doa. Gorakadak geldiezina dirudi. Normalean nekez erabiltzen duten herritarrak euskaraz dihardute; sagardo eta txorizo artean. Euskararen aldeko mezu positibistak helarazten dituzten diskurtsoak entzuten dira, gainera. Utopia errealitate bilakatzeke? Hala litzateke, beharbada, biharko eguna gaurkoa bezalakoa balitz.

Gaur egungo testuinguruan, zoritxarrez, batzuek jai girora mugatzen dute euskararen aldeko sentimendua; formaltasunetik at. Desfasea eta euskara; hizkuntza lotsarik gabe erabiltzeko binomioa. Gai serioez mintzo garenean, baina, euskarak ez du lekurik. Administrazio kontuetan, esaterako, gaztelera nagusitzen da. Jatorrizko hizkuntzak espazioa galdu du administrazio publiko propioan.

Neurri batean, hala ere, ospatzekoa da euskararen biziraupena, historian zehar izan dituen oztopoei aurre egiteko gai izan den aldetik. Frankismoak neurri gogorrak ezarri zituen hizkuntzaren aurka: zentsuraz aparte, garaiko euskaldunen aurkako neurri fisiko zein psikologikoak. Aski ezaguna da eraztunaren zigorra, adibidez. Laburki azalduta, zigorrarekin lotzen zen eraztuna. Klase bakoitzak eraztun bat zuen, euskaraz mintzo zenari jartzeko; klasea berorrekin amaitzen zuenak, zigorra jasotzen zuen.

Harrezkeroztik, euskarak ez du nagusitzerik lortu, horretarako ahaleginak ugariak izan diren arren. Instituzio publikoetako aurrekontuen zati bat euskal proiektuetara bideratzen da, besteak beste; ez aski. Bestalde, euskararen sustapenerako egitasmo eta ekimenak presente daude urteko karteldegian. Horietako askok arrakasta dute gainera. Horietaz aparte, hizkuntzaren alde beren aldea jartzen duten norbanakoen zerrenda ere nabarmentzekoa da. Baina, egiten dena egiten dela, euskarak ez du bere lurraldean  nagusitzerik lortzen. Arazoa identifikatzeke dago oraindik.

Beharbada, errua ez da euskara erabiltzeaz paso egiten duenarena soilik. Agian, euskaldunok ere badugu kulparik. Gizartea oinarritik aldatzen dela diote batzuek, errealitatea ikastetxeetatik hasita iraultzen dela. Teoria zuzena bada, hezkuntzan egon liteke akatsa. Euskararen irakaspen metodoa zaharkitua dago, apika. Perpaus bakunak, perpaus elkartuak eta perpaus osagaiak bereiztea, esaterako, ez da garrantzitsuena agian; hori guztia teoria hutsalera mugatzen bada behintzat. Ikasleak euskara dastatu behar du, hizkuntzarekin jolastu. Ikasle bakoitzak bere euskara eraiki behar du. Finean, ikasleen bidelagun izan behar du euskarak; ez etsai. Hala lortuko da, beharbada, euskaraz bizitzea; hizkuntzari urteko 365 egunak eskaintzea, alegia. Baina presarik gabe. Pausoz pauso.

 

Iker Oñate Aiastui (Kazetaria)