Irrintzi eta performance taldeak aste honetan egin ditu grabaketak Paul Urkijoren eta Mursegoren eta Aran Callejaren gidaritzapean, eta beste artista batzuekin elkarlanean, Ibon RG-rekin besteak beste. Sitgeseko zinema jaialdian estreinatuko dute pelikula, urrian.
Paul Urkijo Gaua filmaren sorkuntzaren azken txanpan dago. Izan ere, urrian proiektatuko dute Sitgeseko fantasiazko zinema jaialdian, munduko ezagunenean, alegia. Bidaia horretan Aiaraldeko Iaiaiai irrintzi performance taldeak bere alea jarri du eta aurreko astean Bilboko El Tigre estudioan egin du grabaketa pelikulako soinu bandan agertzeko.
Nerea Iglesias taldeko kideak azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari oso esperientzia polita eta bizia izan dela. Lau orduz aritu ziren soinuak sortzen, irrintzitik harago. "Asko ikasi dugu, soinuak errepikatu behar genituen eta denbora tarteetara egokitu, gauza berriak egin ditugu", erantsi du laudioarrak.
Paul Urkijorekin ez ezik, Maite Arroitajauregi Aranburu 'Mursego', Aran Calleja eta Ibon RG musikariekin ere elkarlanean aritu ziren. Iglesiasek azpimarratu du, gainera, Paul Urkijok Iaiaiai-ko kideen iradokizunak entzun eta aintzat hartu zituela.
Zineman azaroan, Sitgesen urrian
Berez, Gaua azaroaren 14an helduko da zinema aretoetara, baina aurretik luxuzko aurkezpena izango du Sitgeseko fantasiazko zinema jaialdian urrian. Genero horretako zaleek ondo baino hobeto dakite festibal hori munduko ezagunena dela.
Iaiaiai taldeko kideen ametsetako bat da Sitgesera bertaratzea, baina oraindik denbora nahiko falta da horretarako. Dena den, Iaiaiai taldeko kideak oso eskertuta daude Urkijok eman dien aukerarekin.
Eskarmentua zineman
Paul Urkijorekin egindako lana ez da, inondik inora, Aiaraldeko irrintzilariek egindako lehena. Hain zuzen, aurretik Erraiak proiektuaren aurkezpenean parte hartu dute, performance batekin. Amurrion aurkeztu dute aurten eta Orozkon ere egingo dute.
Hori gutxi balitz, Bulls in the water film laburrean ere ekarpena egin dute. Kris Kelly da bere egilea. Irlandarrak BAFTA sarien izendapena izan zuen 2013an Here to fall pelikulari esker.