Poliziak Palestine Action ekintzaileen taldea babestea leporatzen dio, Erresuma Batuko Gobernuak uztailean erakunde terrorista izendatu zuena. Bizpahiru orduz atxilo egon ondoren aske geratu da, baina epailearen aurrean deklaratu beharko du irailaren 18an.
Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroaren gobernuak Palestine Action erakunde terroristen zerrendan gehitu zuenetik, erabaki horren eta Gazako genozidioaren aurkako protestek herrialdea astindu dute. Istilu horietan parte hartu duten manifestariek pairatutako errepresioa nabarmena izan da, Poliziak ehunka manifestari atxilotu baititu azken hilabetean: esaterako, abuztuaren 9an Londresen Komunen Ganberaren aurrean eginiko protestan gutxienez 700 lagun atxilotu zituzten. Ez da kasualitatea Starmerrek erakundea legez kanpokoa izendatu izana: Palestine Actionek xede du Erresuma Batuko Gobernuak Israelekin duen harreman militar oro seinalatzea, indarkeriarik gabeko ekintzen bidez.
Israelek hil dituen Gazako palestinarren kopurua –gutxienez 62.000 lagun, Gazako Osasun Ministerioaren arabera– gero eta altuagoa den heinean, Palestine Actioni babesa adierazteko manifestazioetan britainiar gehiago parte hartzen ari dira. Aski ezagunak diren hainbat aurpegi ere ikusi ahal izan dira istiluetan, baita Poliziaren errepresioa pairatu dutenen artean ere: azken kasua Paul Laverty gidoilariarena izan da, Edinburgon astelehenean eginiko protesta batean atxilotu baitute "Genozidioa Palestinan. Ekintzetara jotzeko garaia da" zioen kamiseta eramateagatik. Terroristatzat jotako erakundea babesten duen esaldia izatea egotzita, bizpahiru orduz atxilo eduki dute; azkenean aske utzi dute, baina irailaren 18an epailearen aurrean deklaratu beharko du.
Ken Loach zuzendariarekin batera eginiko lanengatik sari ugari jaso ditu gidoilari eskoziarrak –Cannesko zinema jaialdiko bi Urrezko Palma, besteak beste–. Hain zuzen, Loach eta Laverty izan dira zinema britainiarrean Palestinarekin elkartasun mezu gehien zabaldu dituzten aurpegietako bi: joan den astean, Edinburgoko zinema jaialdia zela baliatuz, zuzendariaren ekoiztetxeko –Ken Loach Sixteen Films– hainbat langilerekin batera Palestine Actioni babesa adierazi zioten, sare sozialetan zabaldutako argazki batean. Besteak beste, Sally Rooney idazle irlandarrak ere jakinarazi du Palestine Action elkarteari donazioak egingo dizkiola.