EAJk, PPk eta UPyDk haur eskoletan gaztelaniari leku gehiago ematea babestu izana "harriduraz" eta "kezkaz" hartu dutela adierazi du Paul Bilbao Kontseiluko zuzendariak, Info 7 irratiak egindako elkarrizketan. "Erabakiak haurren eskubideak urratzen ditu", esan du.
"Hiru alderdi horiek hizkuntza normalizazioari buruzko kontu honetan bat egiteak harritu egin gaitu", adierazi du Bilbaok, egoera politiko berria "egokiagoa" delako euskararen aldeko neurriak hartzeko. "Gaztelaniari pisu handiagoa ematea kezkagarria da, ulertezina", gaineratu du. Bere hitzetan, "haurrek eskubidea dute herri honetako berezko hizkuntza ikasteko". Dioenez, haurrak dira eskubide horren "subjektuak".
Hezkuntza oinarrizko zutabeetako bat dela esan du Bilbaok, eta azken boladan horren kontra ari direla, "erabaki honek erakusten duen moduan". Info7-k egindako elkarrizketan, 2012ko hizkuntza-politikaren urtekariaz ere mintzo da Bilbao.
Paul Bilbaok pasa den astean adierazi zuenez, "azken urte hauetan ez da hizkuntza-politiketan euskalgintzak aldarrikatzen duen erroko aldaketarik eman eta iaz esaten genuena berretsi beharrean gaude: aurrerapausoak eman ez eta hainbat alorretan atzerapausoak ere ezagutu ditugu".