Lionel Beffre Pirinio Atlantikoetako prefetak ikastolen auzia konpontzeko borondatea agertu du, legea beteko duela berretsi arren. Hala adierazi zuten atzo Paxkal Indok eta Hur Gorostiagak, Seaskako lehendakariak eta zuzendariak, prefetarekin Pauen egindako bileraren ostean.
Pasa den astean, Patrick Dallenes Baionako suprefetak jakinarazi zuen debekatu egin diola Hendaiako Herriko Etxeari hango ikastola laguntzea, 1850eko Falloux Legea baliatuta. Lege horrek debekatu egiten du eskola pribatuei diru edo eraikin publikoak ematea. Atzo egindako bileran erabaki horren inguruan aritu ziren solasean Paueko prefeta eta Seaskako ordezkariak.
Kazetariek Paxkal Indori galdetu ziotenean bileratik zein sentipenekin atera zen, "ez baikor, ez ezkor" erantzun zuen. Prefetak dio konponbidea bilatu nahi duela, eta onartu du legea aldatu beharko litzatekeela. Aldiz, legea aldatzea ez dago bere esku. Legea betearaztea dagokio berari, baina ez du argitu hala egingo duen ala ez. Bilerak iraun zuen bitartean 400 bat lagunek elkarretaratzea egin zuten Baionako suprefeturaren atarian, ikastolei babesa emateko. Seaskako ikasle, irakasle eta gurasoez gain, Battitt Salaverry Hendaiako auzapeza eta hainbat hautetsi ziren bertan.
Bestalde, Seaskako ordezkariak Colette Capdevielle Baionako diputatu sozialistarekin ere bildu ziren atzo. "Diputatuak bere borondate ona agertu du; prest legoke gurekin elkarlanean aritzeko legearen baitan moldaketak sustatu beharko balira", azaldu zuten Indok eta Gorostiagak.