argia.eus
INPRIMATU
Pau Sarrautek jaso du Urrezko hirukia, Nafarroako Gobernuak aipamen berezia, eta Ana Beltranek Trapuzko espartina
  • Pau Sarraute aktoreak jaso du 2019ko Urrezko hirukia, hala berean, Nafarroako Gobernuari Aipamen berezia egin diote EHGAMeko kideek. Aitzitik, PPko diputatu Ana Beltrani Trapuzko espartina esleitu diote. Horra hor EHGAMek (Euskal Herriko Gay Askapen Mugimendua) urtero legez banatzen dituen sariak eta bereizketak.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2019ko ekainaren 28a
EHGAMeko kideak Bilbon emandako sariketa ekitaldian.

Ekainaren 28a, egun berezia da EHGAMeko taldekideentzat. Egun honetan Urrezko hirukia eta Trapuzko espartina sariak banatzen ditu. Aurtengoak, hurrenez hurren, Pau Sarraute aktoreari egokitu zaio sari nagusia. Sarrautek Paute pailazoaren rola jokatzen du Il Circo Italiano-n.

Sari-emaileek aditzera eman dutenez, “ume eta nagusiei zuzenduriko bere pistako zereginean dibertsitatea ikusarazi eta berdintasuna eta inklusibotasuna zertzen saiatuz egiten duen ekarpenagatik” jaso du aktoreak Urrezko hirukia.

Aurtengo sari nagusiarekin batera, EHGAMek aipamen berezia egin die Nafarroako Gobernuari, baita hainbat nafar udali “azken lau urteotan aniztasunean berdintasuneranzko bidean eman dituzten urratsengatik”. Besteak beste, Kattalingune eta Harrotu zerbitzuak sortu dituzte, LGTBI+ Berdintasun Sozialerako Legea onartu, eta batez ere, Skolae programa eratu dute aipamen berezia jaso dutenek.  

Aldi berean, EHGAMek modu berei batez zoriondu du Aitzole Araneta: “Borrokakide eta Euskal Herriko lehen ageriko zinegotzi transexuala”.

Dena ez da zoria, edo bai. Nola eta nori gerta. Izan ere, Trapuzko espartina nori eta PPko diputatu Ana Beltrani “egokitu” zaio. Beltrani egoki baitagokio “saria”. Orain gutxi arte Nafarroako legebiltzarkide izanak  “askotarikotasuna barregarri uzteko ahaleginez otsailean egin zituen zorigaiztoko adierazpenengatik” jaso du “sari preziatua”.

Ana Beltranek “taxugabeko eta gaitzesgarritzat jo zuen hezkuntzako inkesta bat ikasleei eskatzen zitzaielako ‘neska’, ‘mutila’ edo ‘beste aukera batzuk’-en artean hautatzea”. Beltran trufatu egin zen ikasleak “neska edo mutil gisa identifikatzen ez direlako”.

Hori gutxi bailitzan iseka egin zien ikasleei, “zein ote zen beste aukera hori: “txakurra, katua, ornitorrinkoa, arraina?”, galdera pausatuz.

EHGAMek Bilbon, publikoaren aurrean aditzera eman duenez, “Ana Beltranengan pertsonalizatzen dugu Espartina; baina ‘saria’ eskuin guztientzat da, eta bereziki azken hamarkadatan lortutakoa indargabetzen amorru biziz ahalegintzen direnei” eskaintzen diegu.