argia.eus
INPRIMATU
Pau Perez, 15. biktima
  • Hasieratik oso nahasiak izan ziren Pau Perezen hilketaren ingurukoak, baina Generalitatearen Barne Sailaren azken hipotesiaren arabera, Younes Abouyaaqoub Rambletako erasoa eragin zuen furgonetaren gidariak hil zuen bere ihesaldian.

ARGIA @argia 2017ko abuztuaren 21
Pau Perez, Kataluniako erasoen 15. biktima. Pau Perez, Kataluniako erasoen 15. biktima.
 

Sant Just Desvern herrian auto batean hilda topatu zuten katalan herritarraren heriotzari buruzko hipotesi ugari izan dira. Hasieran Mossoek tiroz hil zutela zabaldu zen, baina gerora hori gezurtatu du Generalitateak. Azken hipotesien arabera, Younes Abouyaaqoub furgonetaren gidariak hil zuen labankadaz.

Atentatuaren ustezko egileak oinez egin omen zuen ihez Ramblatik, bertako Alde Zaharreko azoka gurutzatu eta Bartzelonako unibertsitate eremuraino iritsiz. Betaurreko beltzak jarri eta jende artean egin zuen ihes, korrika bera ere batzuetan eta oinez gehienetan. Ordu eta erdi inguru behar izan zuen Pau Perezekin topo egin arte. Hango aparkalekuetan zegoen Perez, ordainketa gabeko gunea zenez, han ixten omen zuen sarri autoa, gero garraio publikoan mugitzeko Bartzelonan.

Aboyraaquobek berehala hil omen zuen Perez eta bere autoarekin hainbat kilometro egin zituela egin zuen topo Diagonal kaleko Mossoen kontrolarekin, berau salto eginez eta mosso bat zaurituz. Jadanik 800 bat kontrol ziren jarrita Bartzelonaren ingurune osoan. Mossoak atzean zituela iritsi zen San Just Desvern herrira eta han utzi zuen autoa eta barruan Pau Perezen gorpua. Mossoak ez ziren berehalakoan hurbildu, lehenbizi lehergailuen aurkako unitateak miatu behar zuelako autoa. Hala egin ondoren, bi ordu geroago topatu zuten Perezen gorpua autoaren barruan, baina ez gidariaren eserlekuan.