argia.eus
INPRIMATU
Patxi Zabaleta: “Ezker abertzaleak egitura organiko bakarrean bildu beharra du”
  • Aralarreko koordinatzaile nagusi Patxi Zabaleta ezker abertzalea osatzen duten indarren bateratzeaz, bake prozesuaz, presoen auziaz, biktimez eta Espainiako Gobernuaren jarreraz mintzo da, besteak beste, Noticias taldeko egunkariek plazaratutako elkarrizketan.

ARGIA @argia 2014ko abuztuaren 18a
Politikaren aurreneko lerroa utzi izanaz ere mintzatu da Patxi Zabaleta 'Noticias' taldeko egunkarietan (Argazkia: Josu Santesteban / ARGIA)

Javier Nuñez eta Oscar Montero kazetariek aipatu bateratzea ekarri dute titularrera: "Ezker abertzaleak egitura organiko bakar batean bildu beharra du". Hona elkarrizketaren pasarte hori:

EH Bilduren barruan Sorturen tesiak nagusitzen ari al dira?

Ez. EAJren analisia da hori. Andoni Ortuzarrek esaten duenean ezker abertzaleak ukitzen duen oro apurtu egiten dela, ez da konturatzen ondoren bera biltzen dela, enfasi handiarekin gainera, Sorturekin. Aralarren pozik gaude euskal politikari egindako ekarpenengatik. Baina, hori esanda, uste dugu ezker abertzalearen patua bateratzea dela.

Sortu eta Aralar antolamendu-egitura berean? Aralarrek iraungitze-data duela esan nahi al du horrek?

Aralarrek betiko iraun dezake, ondasun ideologiko nahikoa garrantzitsua duelako, baina alderdiaren bokazioa 5. kongresuan idatzia dagoena da, batzuek ofizial gisa izendatzen duten ezker abertzalearekin bat egitea. Ezker abertzaleak espazio anitza izan behar du, era berean, erakunde bakarrean egitura komunak izango dituena.

EA eta Alternatiba moduko alderdiek izango al dute lekurik egitura horretan?

Noski izanen dutela. Ezkerreko ibilbide demokratikoa dute. Ez dagokit niri EAk edo Alternatibak bertan izan behar ote duten erabakitzea. Haiek esango dute. Baina badagokit esatea atea zabalik beharko luketela, hala nahi badute. (...)

Zergatik handitu da EAJren eta ezker abertzalearen arteko tentsioa?

Urduritasuna askoz ere nabarmenagoa da EAJren baitan (...). Zentro-eskuineko abertzale eta ezker abertzalearen arteko konfrontazioa inbertsio publikoengatik, aurrekontuengatik, politika fiskalengatik eta antzeko auziengatik eman behar da.

- Irakurri elkarrizketa osoa, gazteleraz.