argia.eus
INPRIMATU
Patxi Ruiz presoaren osasunari jarraipena egiteko eskatu diote abokatuek Murtzia II espetxeari
  • Gose greban den Patxi Ruiz euskal presoaren abokatuek greba horren berri eman dute Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralean. Horrekin batera kartzelari eskatu diote Ruizen osasun egoeraren berri eman dezala, eta jarraipena egin diezaiola. Presoaren defentsa lana egin ahal izateko oztopoak ere salatu dituzte.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 19a

Abokatuek azaldu dutenez, konfiantzazko medikuekin ari dira jarraipenerako protokoloa osatzen, finkatu ahal izateko zeintzuk diren Espetxe Zaintzako Epaitegiak egin beharreko probak eta kontuan hartu beharreko osasun adierazleak.

Informazio falta

COVID-19aren aurrean hartutako osasun eta prebentzio neurrien inguruko txostena helaraz diezaietela eskatu dute abokatuek: “Adierazgarria da ebazpen hau, argi uzten baitu oraindik ere Murtzia II espetxeak ez duela inolako informaziorik eman hartutako neurrien inguruan. Kontutan izan behar da Patxiren protesta honengatik izan zela, eta hark eta bere abokatuek Espetxe Zaintzako Epaitegira helarazitako kexek bultzatu dutela epaitegia ebazpen hau argitaratzera”.

Defentsa lanean oztopoak

Bestalde, Defentsa Askatasun Kolektiboetarako Abokatuak saretik, babesa helarazi diete bai Patxi Ruizi, bai bere defentsaren ardura duten abokatuei. “Astelehen goizean Patxi bisitatzera sartzeko oztopo etengabeak izan zituzten, eta horren gogorra izan zen kartzelazainen jarrera ezen Gipuzkoa eta Murtziako Elkargoetako dekanoek espetxe zuzendariari deika aritu behar izan ziren Patxirekin bisita egin ahal zedin. Salatu nahi ditugu, berriro ere, defentsa lana oztopatzeko izandako saiakerak. Jarrera horrek Patxi Ruizen egoeraren okertzea baino ez baitakar”.