Itzultzailea zen Apalategi. Gaztelaniatik eta nagusiki frantsesetik ekarri ditu lanak euskarara.
Gaixorik zen Patxi Apalategi, eta gaur goizean hil da, 80 urterekin.
Itzultzaile moduan lan ugari argitaratu ditu. Ezagun egin zen Gustave Flauberten lan ugari itzuli zituelako euskarara: Madame Bovary gutxienez bi aldiz, 1993an eta 2012an, eta Bihotz sinplea (Erein, 1996) ere bai. Charles Baudelaire-ren Gaitzaren loreak (Balea Zuria, 2019) ere itzuli du, eta Georges Remi Hergé-ren Tintinen euskarazko komikiak berak itzuliak dira, besteren artean.
Gaztelaniaz, bestalde, Miguel Delibesen Kastilla Zaharreko kontu zaharrak itzuli zuen bi aldiz ia hogei urteko tartean, eta Pío Barojaren Altzateko jaun-en kontu zaharra, 1986an. Miguel de Unamunoren Rizal-i begira ere berak itzulia da (jatorriz, Vida y Escritos del Dr. Rizal).
Erakusketa bat Parisen
Apalategi, Jose Mari Larramendi eta Martin Etxeberriarekin batera, ETAk Parisen zabaldu nahi izan zuen nazioarteko lehen lerroko hamaika artistaren erakusketa antolatzen ibili zen, lan haiek biltzen, 1970eko hamarkadan. Iñigo Astiz kazetariak Berria-n 2021ean kontatu zuen moduan, Parisko 16. barrutian alokatuta zuen azken solairuko gelan gorde zituen margolanak, oheko koltxoiaren azpian ezkutatuta. Egitasmo hura bertan behera geratu zen azkenean, ETAren VI. asanbladaren osteko giro politiko nahasiak eraginda. Egun batez, erreportaje horretan kontatzen denez, militante bat agertu zitzaion Apalategiri gelara, eta pistola erakutsi eta pieza haiek guztiak eraman zituen.