Lan hitzarmenaren negoziaketan patronalak jarrera aldatzen ez duela eta, sindikatuek hamasei eguneko grebari ekin diote asteazkenean. %90eko jarraipena izan du grebaren deialdiaren lehen egunak.
Hamasei eguneko greba deitu dute ELA, LAB eta CCOO sindikatuek, Gipuzkoako papergintzan lan hitzarmen duin baten alde. Patronalarekin negoziaketetan zebiltzala, sindikatuek eskakizunak aldatu zituzten akordio batera iristeko. ELAren esanetan, patronalak ez zuen “eduki garrantzitsuen inguruan hitz egin nahi”; immobilismo hori zela eta, sindikatuek negoziaketekin haustea eta langileak grebara deitzea erabaki dute.
Azken eskakizunean, langileek eskatzen zuten soldataren igoera %0,6 jaistea erabaki zuten. Patronalaren ezezkoaren eta proposamen-ezaren aurrean, asteazken honetan egin den lehen greba egunak %90eko jarraipena izan du. LAB sindikatuak lehen deialdia “erabat arrakastatsua” izan dela adierazi du, eta ADEGI Gipuzkoako enpresarien elkarteari jarreraz aldatzea exijitu dio. Sektorearen eta enpresen egoera ona dela gogorarazi du LABek, eta irabazien igoera horren aurrean lan baldintzak hobetu behar direla azpimarratu du.
Manifestazioa Hernanin
Ekainaren 17an izan zen patronalaren eta langileen arteko azken bilera; negoziaketak hautsi eta berehala plazaratu zuten grebari ekingo ziotela asteazkenean. Greba egin zuten langile asko Hernanin manifestatu ziren, ADEGIri egoera honi erantzungo dion proposamen bat mahai gainean jar dezala eskatuz. Ostegunean, Tolosako Triangelu plazan dute zita langileek 12:00tan, mobilizatzen jarraitu eta lan hitzarmen duin bat eskatzeko.