ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek ez dute akordiorik lortu FVEM Bizkaiko Metalgintza Enpresen Federakuntzarekin Lan Harremanen Kontseiluko egoitzan izandako bileran. Greba deitu dute irailaren 30etik urriaren 4ra bitartean.
Agerraldia egin dute astearte arratsaldean Bizkaiko metalgintzaren mahai negoziatzailea ordezkatzen duten lau sindikatuek. Horrela, goizeko bileraren balorazioa egin eta patronalaren negoziatzeko borondate eza ikusita, hortik aurrerako urratsen eta mobilizazioen berri eman dute.
Prekarietatea gainditzeko edukiak lortzea da Bizkaiko metalgintzaren helburu nagusia: soldata igoerak, subrogazio eskubidea, genero berdintasuna eta aldi baterako enpleguak aldarrikatu dituzte besteak beste. Plataforma sindikal bateratuari "oso eskasa" iruditu zaio FVEMk batzarrera eramandako eskaintza; hortaz, irailaren 30etik hasita urriaren 4ra arte, bost eguneko greba deialdia plazaratu dute.
Hurrengo mahaiko bilera irailaren 18an finkatu dute, goizeko 12:30ean. Bost greba egunez gain, datozen egunetarako ere hainbat mobilizazio deitu dituzte.
Alde batetik, irailaren 12an, osteguna, jazarpen sindikala salatzeko Bilboko Portu aurrean 13:30etik 14:30era elkarretaratzea egingo dute, Haizea Wind enpresaren jarrera salatzeko. Bestetik irailaren 21ean, larunbata, manifestazioa deitu dute goizeko 12:00etan Euskadi Plazatik abiatuta Areatzako zubira arte.
Bitartean Bizkaiko metalgintzaren borroka gehiago sozializatzea erabaki dute, kolektibo sozial ezberdinekin bilera eginez, baita Bizkaiko Foru Aldundian zein lurraldeko hainbat Udaletan gatazkari buruzko mozioak sartzen ere.