Patrick Larrondo, Biriatun baratzezain: "Galdea bozka paperarekin adierazten bada, bai laborantxa atxikiko da hemen"

  • Patrick Larrondo Biriatun ari da baratzezain, autopistaren eta etxebizitzen artean. Duela zazpi urte hasia, hurbileko salmenta egiten du, Hendaiako bi azokatan eta herri horretako AMAP batean. Lurraren espekulazioa da eskualde honetako nekazaritzaren arazo gogorrenetako bat, nahiz eta bertako biztanleek hurbileko eta kalitatezko produktuak eskaten dituzten.


2014ko martxoaren 31n - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33

Etxaldea presentatzen ahal daukuzu?

Baratzekiak ekoizten ditut Biriatun, negutegietan eta kanpoan. Ene lagunaren familiako etxaldea da. Sasoineko 20-25 baratzeki ekoizten ditut, 1800 m2 negutegietan eta 7000 m2 kanpoan. Zuzenki saltzen baitut eta eremu guti baitut, balore gehien emaiten duten baratzekiak ekoizten ditut: udan tomate, biper, fruitu; neguan, espinaka, bleta, aza, azalore, arbitxo, arbi goiztiarra, eta urte guzian 5-6 entselada mota. Klienteek tokiko laborantxako ekoizpenak maite dituzte bainan aniztasuna ere galdegiten dute. Mahai pollit baten osatzeko gisa ekoizten dut.

Ez zinuen baitezpada pentsatua egun batez laborari instalatuko zinela...

Ez batere. Familiako lurrak baziren eta laborantxarendako atxiki nahi ginituen. Bi gira hortarik bizi hemen. Ni Donibane Garazin ari nintzan lanean, Garazikus elkartean. Hemen bizitzeko hautua egina ginuen eta egun guziz 140 kilometra egiten nituen. Lagunak banituen baratzezaingoan instalatuak, horiekin mintzatu eta merkatuen itzulia egin ondoan, nituen eremuekin zerbaiten egiteko manera bazela ohartu nintzan. Hola hasi gira polliki. Biharko Lurraren Elkartearen bidez, elgarren laguntza atxemaiten dugu, kontseiluak.

Ingurukoekin esperientziak trukatuz aintzinatzen gira. Merkatua etxetik biziki hurbil duzu...

Bai gehienez laurden bat emaiten dut merkaturat ailegatzeko. Hendaian saltzen dut, plaiako merkatuan larunbat goizetan eta karrikakoan astezkenetan. Abantail izigarria da. Horregatik, ez dut etxetik saltzen. Hunarat hurbiltzen den jendeari erraiten diot astean bi aldiz merkatuan nizala. Hendaiako AMAPa xerbitxatzen dut ere. Bi saltze mota horiek atxiki nahi ditut, bi harreman mota dira eta biak maite ditut. Abantaila balin bada, kostan izaiteak beste nekezia badu : lurra kario da, eta xuhur. Haunditzeko nahia banu ere, neke litaike.

Duzun eremuarekin, galdeari ihardesten ahal dakozu?

Orai hasten niz esperantxa hartzen. Badu 7 urte instalatua nizala. Gibeltasun pixka bat badut, lurra hobekiago eramaiten dut, badakit zer gauza martxarazi nahi dutan, zertan ez nizan emendatuko. Aniztasun hortan entseatzen niz egin ahala hautu emaitea, merkatu eta AMAPak segurtatzeko. Instalatu bezain fite, Hendaiako kantinaren galdea ukan nuen. Beldur nintzan, eza eman nuen. Orain ere, errefusatzen dut, hainbeste baita eta ez niz kapable dena hornitzeko. Hor ageri da tokiko ekoizpenen galdea badela hurbileko kantinetan.

Biologikoan izaitea hautatu duzu hatsarretik; merkatuak hala galdegiten duelako?

Merkatuak hala galdegiten baitu. Diferentzia markatzeko, hemen beste bi laborari baitira. Eta ere, pozoinik ez bainuen ez erabili, ez atxiki nahi etxean. Haurrak baditut, familia, ez nuen holako produkturik nahi. Ikusi dut ere posible zela gabe aritzea. Merkatuan izanez, astean bi aldiz biltzen ditut baratzekiak eta hobe nuen ezarri gabe aritzea hatsarretik eta alde hori baloratzea.

Zure etxaldea ikusten delarik, zinez etxez inguratua da. Kohabitazioa nola pasatzen da?

Untsa. Ez dut batere problemarik auzoekin. Ez niz etxez inguratua senditzen. Baionarat joan niz, beste baratzezain batzuren etxerat eta hor ikusi dut heiek zinez etxez inguratuak direla. Egia barnekaldetik so egin eta etxez inguratua iduri dutala. Egia ere batzutan pixka bat bakarrik senditzen nizala baratzean. Horregatik inportanta da BLE-n edo sindikatuan izaitea, laguntzen du bere burua ez bakarrik senditzeko.

Lurraren problematika bizia da hemen. Lurrak hain kario saltzen ikusteak min egiten dauzu?

Bai min egiten du bainan usatzen gira eta hori pena da. Min egiten du ikustea jendea ez dela ohartzen lurraren inportantziaz. Hemen lurra ez da gehiago lan tresna baizik eta eskupean atxikitzen den kapitala.

Bada esperantza bide horren bihurtzeko ala laborantxa galdua da hemen bezalako eremuetan?

Ez dakit. Batzutan pentsatzen dut “agian orai ohartuko dira; herriek lurrak proposatuko dizkiete gazteeri instalatzeko”. Eta batzutan diot: “Ene bidea segituko dut eta ageriko zer gertatuko den; lan tresna ene haurreri uztea entseatuko niz eta segituko dute ala ez”.

Azken bi urteak dorpeak izan dira baratzezainendako. Nola atera zira?

Azken bi urteak zinez zailak izan dira. Negu luzeak, euri ainitz, hotza... Ez dira sasoin errexak bainan aintzina segitzea entseatzen gira. Saskiak hartzen dituzten jendeek egoea konprenitzen dute, holakoetan saskiak ttipitzen edo gelditzen ditut. Merkatua aldiz segitzen dut, dituztan gauzekin, hutsegin dutan produkzio bat beste batekin salbatzea entseatzen niz.

Ikusten da baratzeki galdea badela hemen, laborarien instalatzeko manera balitaike: hiri inguruetan laborantxak etorkizuna baluke?

Herriek erainkuntzan hola segitzen badute, ez niz baikor izanen. Aldiz herriko etxeetan lurraren inportantziaz eta jendeari tokiko eta kalitatezko janaria eskaini behar zaiela ohartzen badira, berdin geroa ona izaiten ahal da. Galdea klienten edo kantinetako burrasoetatik heldu bada eta bozka paperrarekin adierazten balin bada, bai laborarantxa atxikitzen ahalko da bere eremuetan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Laborantza
2024-04-11 | Estitxu Eizagirre
Otxantegi Herri Lurraren II. urteurren jaia
"Otxantegiko lur emankorrak ezin dira porlan azpian geratu, arnasgunea izan behar dute"

Apirilaren 13an egitarau indartsua prestatu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurra proiektuaren II. urteurrena ospatzeko. Apirilaren 18an, aldiz, bigarren desalojo saiakeraren mehatxua izango dute gainean eta herritarrei dei egin diete proiektua defendatzera joateko. Kideetako... [+]


2024-03-18 | Garazi Zabaleta
Nekazariak eskolan
Eskola ezin bada baserrira igo, baserria jaitsiko da ikastetxera...

Hamar urte baino gehiago daramatza martxan Arabako Nekazariak Eskolan proiektuak, Hazi fundazioak zenbait ekoizlerekin elkarlanean bultzatzen duena. Haur eta gaztetxoak nekazal mundutik geroz eta deskonektatuago bizi diren garaiotan, inoiz baino beharrezkoagoa da elkar... [+]


Nafarroako nekazaritza-ekoizpen ekologikoak lurren %25 kudeatu nahiko lituzke 2030ean

Nafarroako sektore ekologikoa egonkor mantendu da azken urtean eta nekazaritza ekoizpena %5 handitu da. Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak erronka du 2030. urterako: lurren %25 ekologikoa izatea. "Bide horretan ari gara lanean, ahalik eta nekazari eta... [+]


Semilla y Belarra elkartea sortu dute Nafarroako O6 nekazarien mugimendutik

Aste honetan sortu da elkartea eta datorren astelehenean, hilaren 18an, laborarien sindikatuek Jose Mari Aierdi kontseilariarekin izango duten bileran egongo da.


2024-03-14 | Leire Artola Arin
EAEko nekazaritza lurren %5ak soilik dauka ziurtagiri ekologikoa

Gorantz egiten ari da nekazaritza ekologikoko eredua Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Ekolurra Kontseiluak baieztatu duenez, baina Europako Itun Berdeak 2030erako helburutzat duen %25etik urrun dago oraindik.


Eguneraketa berriak daude