Urteak daramatzate salatzen administrazio publikoak “albo batera begiratu beharrean” tratamendu “integrala” eman beharko lukeela.
Adikzio arazoak edota patologia duala daukaten pertsonen senideek osatzen dute Katearen Loturak elkartea. Patologia duala deitzen diote adikzio arazoak eta sufrimendu psikosozialari lotutako diagnostiko bat izateari; esate baterako, drogekiko menpekotasuna eta depresioa. Elkarteak Debagoienan (Gipuzkoa) du egoitza, eta 2019an sortu zuten, sentsibilizatzeko batetik, eta Osakidetzari neurriak hartzeko presioa sartzeko bestetik. Urteak daramatzate salatzen administrazio publikoak “albo batera begiratu beharrean” tratamendu “integrala” eman beharko lukeela.
Regina Heriz elkarteko presidentea da, Arantza Miguel lehendakariordea eta Karmele Guridi idazkaria. Patologia duala duten pertsonen ama dira hirurak. Haserre mintzatu dira gaiaz, eta salatu dute urte hauetan asko ikasi duten arren, erakundeek “deus gutxi” egin dutela. Hego Euskal Herrian ez dago patologia duala lantzeko zerbitzu publikorik. “Nork ordaindu ditzake hilabetean 5.000, 6.000 edo 8.000 euro? Dena pribatizatzen ari dira”, esan du Herizek.
2024ko otsailean Gipuzkoako Batzar Nagusiak patologia dualerako osasun zentro bat irekitzea onartu zuen. Horrekin batera, patologia hori duten pertsonenei eta senideei jarraipena egiteko eguneko zentro bat egitea ere adostu zuten. EH Bildu, PP eta Podemos alde agertu ziren eta EAJ eta PSE-EE kontra. Momentuz ez dute horrelako zentro baten berririk izan. “2023-2028ko osasun planean patologia dualaz hitz egiten dute, eta erantzun integral bat behar dela diote. Hau da, maila psikologikoa, soziala eta juridikoa landu. Alabaina, papereko politikan geratzen da dena”, kritikatu du Miguelek. Eguneko zentro bat exijitzen dute.
Neurririk hartzen ez den bitartean, erakunde publikoen aldetik “abandonatuta”, baztertuta” eta “gaizki tratatuta” daudela esan du Herizek: “2013an Arartekoak arreta deitu zien, baina paso egiten dute Arartekoaz, familiez eta gaixo dauden pertsonez. Izugarri gaizki pasatzen dute patologia duala dutenek, eta kartzelan, psikiatrikoetan edo hilda amaitzen dute”. Elkarteak emandako datuen arabera, Euskal Herrian, 2019an 9.000 pertsona zeuden patologia dualeko diagnostikoarekin. Uste dute “askoz gehiago” daudela diagnostikorik gabe eta datu “kezkagarriak” direla. “Espetxean dauden pertsonen %70ak buruko gaitz larri bat diagnostikatuta dauka. Kartzelan kontsumoa kanpoan bezain beste edo handiagoa da”, esan du Guririk.
Estigmatizatzeko joera
Kezka adierazi dute iruditzen zaielako eguneroko bizitzan “oso txertatuta” daudela drogak eta “oso irisgarriak” direla gazteentzat. Guridik argi utzi du kontsumitzen duen orok ez duela dependentzia garatzen, baina “zaurgarritasun biologikoa” kontuan hartu behar dela: “Estimatzen dute substantziak kontsumitzen dituzten hamar pertsonetatik batek menpekotasuna garatuko duela”. Miguelek sentitzen du paradigma aldatu dela, eta orain estatus “handiagoa” ematen duela kontsumitzeak boluntariotza egiteak baino.
Uste du sistemak –etxebizitza eskuratzeko zailtasunak, gizarte dinamikek eta bestek– gaixotu egiten duela gizartea: “Izugarrizko potentziala duten gazteak dira, baina ez dutenez babesik, bidean galtzen ari dira. Eskailerak igo beharrean beheraka ari dira, eta poliki-poliki euren autoestimua txikitzen ari da. Gaur egun edozein gazterentzat bizitza proiektua eraikitzea zaila bada, pentsa gazte hauentzat. Horregatik, krisi egoeran aukera gutxi ikusten dituzte: adibidez delituak egitea”.
“Oraindik ere biziotsutzat hartzen dira. Jendeak uste du mendekotasuna borondate falta dela, baina, berez, tratamendua behar duen gaixotasun bat da”
Baliabide faltaren ondorioz familiek “eskuak lotuta” dituztela diote. Ate joka dabiltza esanez euren senideengatik kezkatuta daudela, baina ez dute konponbiderik jasotzen. “Soilik oroitzen dira gutaz euren buruari edo beste batzuei min egiten diotenean. Krisi egoeran ikusten ditugunean behin eta berriz abisatzen dugu ez daudela ongi eta arrisku bat direla, baina erantzuna beti da zerbait gertatu arte ezin dutela deus ere egin”, esan du Guridik. Ostean, familiei errua botatzen dietela dio.
Estigma horrek osasun arreta faltan ere egina duela salatu du: “Oraindik ere biziotsutzat hartzen dira, gaixotzat hartu beharrean. Jendeak uste du mendekotasuna borondate falta dela, baina, berez, zientziak frogatu du tratamendua behar duen gaixotasun bat dela”.