argia.eus
INPRIMATU
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina
  • Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa. “Amets moduko zerbait zen hasieran, ideiak botatzen hasi ginen, eta hor irten zen ur errotek Bizkaian izana zuten garrantziaren kontua”. Errotarekin lotutako proiektu bat egokia iruditu zitzaien ingurumen hezkuntza egiten jarraitzeko, eta hasierako amets hari pixkanaka forma eman eta Txaramela pasta agroekologiko proiektua sortu zuten.

Garazi Zabaleta 2024ko apirilaren 22a

Ur errotekin lan egiteko ideia horri bueltaka, ogia, taloak eta antzekoak bururatu zitzaizkien hasieran. Baina Italian egon berri zen lagun batek planteatu zien: “Eta zergatik ez duzue pasta egiten?”. Urbanetak aitortu du ez zutela inoiz pentsatu aukera horretan, baina lagunak botatako ideia pixkanaka sakontzen hasi eta aurrera egitea erabaki zuten. “Ortua egin eta pasta ekoitzi nahi genuela esan genuenean inguruan, hasierako erreakzioa ez zen onena izan: lan finkoa edukita, nola utziko genuen bada?”. Gerora, ordea, ingurukoen partetik babes osoa izan dutela aitortu du. “Polita da, gainera, baserriko nire aitite eta amamak gara batean artoa eta garia ehotzen zituzten errota berean hasi baikinen gu ere ehotzen”, gehitu du.

Pasta ekoizteaz gain, ortua ere egiten dute Txaramelako kideek Muskizen. Lehen urteetan otzarak egiten zituzten, eta tartean geldialdi bat egon bazen ere, orain berriz ari dira jarduera horrekin. “Ortuko barazki eta espeziak bi gauzetarako erabiltzen ditugu: pasta egiteko eta otzaretan sartzeko”, dio. Izan ere, osagarri desberdin askoko pastak egiten dituzte Txaramelan: erremolatxarekin, berakatzarekin, ziazerbarekin, kalabazarekin, albahakarekin, oreganoarekin, kurkumarekin, Ezpeletako piperrarekin… zigilu ekologikoarekin ari dira lanean, baina hortik harago doa nekazaritza ulertzeko haien modua: “Agroekologiaren barruan kokatzen dugu gure ekoizpena”. Garia eta zerealak Nafarroako eta Huescako ekoizle txikiei hartzen dizkiete.

Elikadura eta ingurumen hezkuntza eskola

Hurbileko azoka, denda eta kontsumo taldeetan saltzen dute batik bat, baina eskola eta jatetxeren batean ere bai. Aurrera begira badute beste proiektu bat esku artean: pastarako saltsak eta maneatzaileak egiteko obradore bat.

Eta, ekoizpenarekin batera, proiektuaren bigarren ardatza izan da hasieratik ingurumen hezkuntza. "Elikadura eta ingurumen hezkuntza eskola" dute martxan, eta hilero elikadurari eta ingurumenari lotutako tailerrak egiten dituzte, haur nahiz helduekin. “Sumatzen dugu gero eta kontzientzia handiagoa dela gaion inguruan, baina, agian, ez guztiz guk nahiko genukeen ikuspegitik. Norbere osasunari asko begiratzen zaio gaur egun, eta ez hainbeste ingurumenari. Argi dago agroekologikoa kontsumitzea hobea dela osasunerako, baina, nahi genuke horretan bakarrik ez gelditzea”, amaitu du.