argia.eus
INPRIMATU
‘Passione’ gehitxo
  • Fitxa: ‘Passione d’amore’ errezitaldia. Bakarlariak: Martina Serafin (sopranoa) eta Carlo Ventre (tenorea). Nafarroako Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Roberto Rizzi-Brignoli. Egitaraua: Verdi, Puccini, Mascagni eta Giordano-ren obrak. Lekua: Euskalduna Jauregia. Data: Ekainaren 2a.

2012ko ekainaren 05
Martina Serafin, artxiboko irudian.

OLBEren 60. denboraldia amaitu ostean, kontzertu berezi bat eskaini zigun gure artean hain errotuta dagoen elkarte operazale honek. Passione d’amore izenburuarekin, “entzuteko beharrekoak” diren aria eta duettoz osatutako egitarau erakargarri bat izan zen platera. Hau da, txalo eta bravo galantak sortarazten dituzten programa horietako bat. Polita benetan. Eta artistak, paregabeak: Martina Serafin soprano austriarra, ahots ederrekoa eta eskarmentu handikoa, eta Carlo Ventre tenore uruguaiarra (aurretik aurreikusita zegoen Marco Verti italiarra ezin izan zen etorri). Biek beren onena eman zuten, zalantzarik gabe. Baina, bai egitaraua pasionalegia zelako, bai abeslarien estilo enfatikoagatik (nahiz eta, esan bezala, kalitate mundialekoak izan), esan genezake errezitaldi efektistegia suertatu zela. Baina, agian, hori behar zen denboraldiaren azken saio berezi honentzako.

Halere, disfrutagarria izan zen, oso, kontzertua. Modu egokiz aritu zen Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, Roberto Rizzi-Brignoli italiarraren batuta nerbiodunpean. Momentu magikoak eman zizkiguten nafarrek. Adibidez, Mascagni-ren Cavalleria rusticana operaren Intermezzoa, leuna eta ameslaria atera zen. Sokaren doitasuna eredugarria izan zen. Hasierako Verdi-ren La forza del destino-ren Sinfonia ere taxuz interpretatu zuten. Laburbilduz, soinu biribila eta adierazkortasuna eskaini zuten parra-parra oskestrakoek. Gozamen bat.

Esan bezala, bakarlariek interpretazio distiratsuak eskaini zituzten. Martina Serafinek interpretatu zuen lehenengo arian, Tosca-ren Vissi d’arte famatuan, bere ahots boteretsua eta bere jarrera eszenatokian deigarriak izan ziren. Zoragarria izan zen baita ere Puccini-ren Manon Lescaut operaren Sola, perduta, abbandonata ariaren bertsioa, sakon eta dramatikoa. Agudo ederrak ditu Serafinek, eta ertaineko erregistro interesgarria ere bai. Carlo Ventre tenoreak, berriz, maitemindu egin zituen entzuleak. Ahots zirraragarria du abeslari honek, harmonikoz betea. Bestalde, erraztasuna du agudo izugarriak egiteko. Agian errezitaldiaren momentu nabarmenena Ventrek abestutako Turandot-en ‘Nessum dorma’ aria famatua izan zen. Poltsikoan sartu zuen jendea, hain adierazkorra eta boteretsua izan zen interpretazioa. Txalokada handiz saritu zuen publikoak saio entretenigarri hau.