argia.eus
INPRIMATU
Pasaiako segadan hildakoen oroigarriari eraso egin diotela salatu dute
  • Egiari Zor Fundazioak jakinarazi duenez, Donibaneko oroitzeko gunean pintura hori eta gorria bota dute ezezagun batzuek.

Oarsoaldeko Hitza Erik Gartzia 2023ko uztailaren 07a

Egiari Zor Fundazioak txio baten bidez salatu duenez, Pasaiako segadan hil zituzten lau militanteak gogorarazteko margolanei eraso egin diote gaur gauean.

Zehazki, hildakoen lau siluetak irudikatzen dituen irudiari pintura gorria eta horia bota diete, Espainiako bandera marrazteko.

Erasoa hilketa haiek argitzeko epaiketa irekita dagoen unean izan dela nabarmendu du Egiari Zorrek. “Estatuaren biktimen memoriaren kontrako erasoak ez dira berriak”, salatu dute.

Beraien esanetan, “kontakizun eta proiektu politiko zehatz bat inposatu” nahi dutenen eskutik datoz erasoak.

1984ko martxoaren 22an, Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituen Donibanen. Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak; denera 113 bala zulo zituzten lau gorpuek.