Jaizkibelgo super portuaren egitasmoari 600 alegazio jarri dizkiote Lapurdiko udal, enpresa eta talde ekologistek. Horiek guztiak aztertu ondoren, super portuaren kontrako txostena aurkeztu du Pirinio Atlantikoetako Marie Thérèrese Arrieta komisarioak. El País egunkariak eman du irizpenaren berri.
Gida-plana joan den abenduan jarri zuten erakusgai Pirinio Atlantikoetako prefekturan, Frantziako Gobernuak hala eskatuta. Natura 2000 Sareari eta itsas korridore ekologikoari egingo liekeen erasoaz alegazio ugari daude, baita turismoari eta arrantzari eragingo lizkiekeen kalteei buruzkoak ere. Arrieta komisarioaren 9 orrialdeko txostena, hala nola gainerako alegazioak –Hego Euskal Herrian 4.200 izan dira–, aintzat hartu beharko dituzte Pasaiako Portuko Agintaritzak eta Espainiako Sustapen Ministerioak, Ingurumen Memoria idazteko orduan. Baliteke Pasaiako badiaren etorkizuna erabakiko duen memoria hori hurrengo hilabeteetan osatzea.
Pirinio Atlantikoetako txostena kolpe gogorra da kanpo portuaren defendatzaileentzako. 2011n Espainiako Ingurumen Ministerioak ere txosten zorrotza idatzi zuen eta Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza kanpo portua egitearen kontra azaldu dira. Hala, erakunde publikoen babesik gabe geratzen ari da Pasaiako Portuko Agintaritza.
Kanpo portuaren egitasmoak hutsune handiak azaldu ditu ingurumenaren defentsaren eta finantza baliabideen arloan, baita ingeniaritzaren ikuspuntutik ere, ARGIAk joan den astean plazaratu zuen gisan.