Honela egin genizun gauaren kontaketa: Amaiur nagusi 7 diputaturekin, PP-UPNk 5, EAJk 5, PSE-EE-PSN 5 eta Geroa Baik 1

  • 00:15 Honenbestez utziko dugu hauteskunde gauaren jarraipena egiteaz. Milesker irakurri gaituzuen guztioi eta gabon.

    23:40 Gorka Maneiro (UPyD), ETB1n esan dutenez, emaitzak ospatzen saltoka hasi da, irrist egin, erori eta erietxera eraman dut.

    23:20 Karmelo Landa ETB1eko eztabaida politikoan: "Sortu 'de facto' legala da Euskal Herrian".


2011ko azaroaren 20an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-03-03 15:57:58
Amaiurreko kideak emaitzak ospatzen atzo Iruñeko Labriten (Argazki Press)

22:57 Iñigo Urkullu EAJren presidenteak: "Gaur argi geratu da Espainia Espainia dela, eta Euskadi Euskadi. Ez genuen ezkutatu EAJren helburua hauteskunde hauek hastean, lehen indarra izan nahi genuen Euskadin eta talde parlamentario propioa lortu. 40.000 botoko diferentzia daukagu bigarren indarrarekin, lortu dugu helburua.". Nafarroako emaitzez adierazi du Geroa Baik "emaitza bikainak" lortu dituela "oso baldintza zailetan".

22:53 Patxi Lopez EAEko lehendakariak emaitzen balorazioa egin du: "Euskadin lehen aldiz egin ditugu hauteskundeak ETAren mehatxurik gabe. Alderdi sozialista sendo mantendu da eta udal hauteskundeekin alderatuta igoera nabarmena izan da" adierazi du euskaraz. Gaztelaniara pasata, zera gehitu du: "PPren garaipena nabarmena da Espainiako estatuan baina alderdi sozialistak garrantzitsua izaten segitzen du, PPren boterea ez dadin izan botere absolutua. Mariano Rajoyrekin bildu nahi dut herri honetako elkarbizitza demokratikoa eraikitzen joateko. Sozialistoko kalearen pultsua berreskuratu behar dugu, gure proiektu sozialdemokrata indartzeko".

22:46 Ikusi EAJren prentsaurrekoa zuzenean.

22:37 Nerea Azurmendi kazetariak Euskadi Irratian adierazi duenez, “alderdi sozialistak sekulako marroia kendu du gainetik, ez da hau hauteskundeak galtzeko unerik okerrena, datozen urteetan oposizioan hobe biziko baita edonor gobernuan baino”. Zikloak errepikatu egiten direla gaineratu du, 30 urteko errepasoa eginez gero ikusten baita hamarkadaz hamarkada, eta krisi ekonomiko baten atarian, beti eman dela aldaketa PSOE eta PPren artean.

22:31 Nafarroan Geroa Baik diputatu bat lortuko du UPNk bat galduta, botoen kontaketa bukatzeko oso gutxi falta denean.

22:25 Ikusi Amaiurren ospakizunak zuzenean Iruñeko Labritetik

22:19 Maria Solana (GeroaBai): “Boto kopuruak esan nahi du proiektu honek baduela etorkizuna nafarroan eta kontutan hartu beharko dutela Madrilen”.

22:16 Antonio Basagoiti PPko buruak hitz egin du: "Bi helburu nagusi genituen: gehiengo absolutuz irabaztea, eta lortu dugu. Helburua Espainiako hauteskundeak irabaztea zela esan nuen kanpaina hasieratik. Bigarrena, EAEn PSErekin aldea moztea. Gure botoen kopuru hirukoitza zeukaten 2008an eta orain berdindu egin dugu. Amaiurren ekaitzari eutsi diogun bakarrak gara: lehen geneuzkan eserlekuak dauzkagu eta senatari gehiago izango ditugu gainera".

22:08 Hegoaldean Amaiur nagusi 7 legebiltzarkide lortuta, PP-UPNk 6, EAJk 5 eta PSE-EE-PSN: 5

22:03 Andoni Ortuzar Onda Vascan: "EAJk bere bi helburuak lortu ditu: EAEko lehen indar politikoa izatea bototan, eta 5 jarlekurekin Madrilen talde parlamentarioa edukitzea. (...) 'Euskadi is different'. Espainia osoan ez bezala, hemen ez dute gaur ez gorriek eta ez urdinek irabazi, euskal herritarrek boto abertzalea eman dute, Euskadiren aldeko apostua egin dute. Madrilek ondo aztertu beharko luke hau. (...) Eusko Legebiltzarrerako lasterketarako ondo posizionatutik ateratzen gara. Amaiurrek maiatzetik botoak galdu egin ditu, nahiz eta Aralar gehitu duten indar politiko bezala. Oraingoan eduki dituzten baldintza bereziki onekin ez badio Amaiurrek lidergoa kendu EAJri, aurrerantzean ez dio kenduko".

21:52 Carlos Olazabal (PP) ETB2n: "Gehiengo absolutua edukita ere arrazoizkoak diren gauzak adostu ditzakegu EAJrekin".

21:48 Xabier Aierdi soziologoak Euskadi Irratian azpimarratu duenez, dagoeneko alderdi guztiek Legebiltzarrerako hauteskundeetan dute burua, eta panorama berria da, Amaiurrekin: “Gerta daiteke lehenengo fase batean, sei bat urte iraun ditzakeen ziklo batean, muturrean dauden alderdiak indartzea, PP eta Amaiur alegia, eta erdikoak ahultzea; normala litzateke”.

21:45 Iñaki Anasagasti (EAJ) ETB2n: "Posta bidezko botoak desastre hutsa izan dira eta Gipuzkoan gauzak estu egonda garrantzitsuak izan daitezke".

21:35 Jon Urresti (Gizaker enpresako soziologoa) Onda Vascan: "Orain dauzkagun datuekin, hau litzateke Espainia mailako hauteskundeak bi alderdi abertzalek irabaziko lituzketen lehenbiziko aldia."

21:29 Iñaki Antiguedadek (Amaiur) Euskadi Irratian esan duenez, uste du datuak onak izango direla, “eta herrialde guztietan bagaude primeran, ez hainbeste Espainiako instituzioei begira baizik gure proiektua zabaltzen eta indartzen jarraitzeko. Espainian egongo gara baina ez eskainua berotzeko, benetako kontraboterea izateko baino”. Gaineratu du abertzaleen esparrua herrialde bakoitzean nola geratzen den ikusi eta aztertu beharko dela bihartik aurrera, prozesua abertzaleok nola diseinatu aztertzeko. EAEko hauteskundeei begira esan du hemengo instituzioak direla garrantzitsuenak beraientzat eta hor izango direla: “Gure ezkerreko proiektu abertzalea da hemengo instituzioetan boterea hartzea, boterea beste era batera kudeatzeko”.

21:27 Andoni Unzaluk (PSE) Euskadi Irratian esan duenez, gau gazi-gozoa da gaurkoa, gazia Espainia osoan PSOEk galdu duelako eta PPk irabazi, baina gozoa Euskadin lau aukeraren inguruan ari delako banatzen indarra; “hemen ez da Espainian bezala bozkatu, hemen PPk ez du lortu uholde bat bezala pasatzea gure gainetik eta pozgarria da hori. Seguruenik PSE izango da maiatzeko hauteskundeekin konparatuz gehien igo den alderdia”. Emaitzak ikusita Eusko Jaurlaritzak hauteskundeak aurreratuko al dituen galdetuta, erantzun du Patxi Lópezek beti desberdindu dituela hauteskunde motak: “Jendeak segun eta zein hauteskunderako bozkatzen duen, desberdin bozkatzen du eta gainera Jaurlaritzak bere epeak eta bere egitaraua du. Argi daukadana da Patxi Lópezek lehendakari izaten jarraituko duela Euskadin, orain eta gero”.

21:25 Bixente Serrano Izko (Geroa Bai) Onda Vascan: "Geroa Bairen helburua zen UPNri hirugarren jarlekua kentzea eta oraingoz, zenbatuta dauden botoak ikusita, oraindik borroka horretan gaude, ea lortzen dugun".

21:12 Sabino Cuadra (Amaiur) ETB2n: "Pentsatzen genuen emaitza onak izango genituela, baina momentuz lasai". "Hemen martxan dagoen herri bat ikusten ari da eta ez hauteskundeetan bakarrik".

20:47 Xabier Aierdi soziologoak Euskadi Irratian adierazi duenez, bakegintzaren gairako garrantzitsua da Amaiur Espainiako Parlamentuan presente egotea, PPk aurrean izango baititu, aurrez aurre egongo dira eta hartu-emana izan beharko dute eta “nahitaez honek konponbidea izango du”.

20:40 #Amaiur mundu mailako Trending Topic da uneotan Twitter sarean.

20:37 Mikel Irizar kazetariak Euskadi Irratian esan duenez, egoera ekonomikoa dela-eta irabazi eta lehenengo egunetik hasiko zaizkio arazoak PPri eta horiei aurre egiteko hartu beharreko neurrietan, adostasun zabala lortu beharko dute gainerako alderdiekin. Hor, inteligentziarekin jokatzea geratzen zaie oposizioko alderdiei.

20:34 Jose Oneto kazetaria, (Espainiako TV1 katean). "PPk inkestek ematen duten 181-185 eserleku baino gehiago espero dut, 190 diputatutik gora. PSOEk egurra jaso du (115-118) , bereziki ezkerreko beste alderdiek eserlekuak kendu dizkiotelako, hala nola Rosa Diezen UpyD (4 eserleku ematen diote inkestek, ez luke talde parlamentario osatuko halere). IUk ere kendu dio PSOEri. Eserleku bat izatetik 7-8 izatera pasa liteke. Artean, jakitekoa da Gaspar Llamazares diputatu izango den edo ez”

20:28 Maite Aristegik (Amaiur) positibo baloratu ditu Euskadi Irratian orain arteko datuak eta adierazi du euskal gizarteak subiranotzaren alde egin duela hitz, beste behin. Bere ustez, indarrak batzen, indarrak metatzen egin duten lana ere saritu du jendeak.

20:22 Andrez Herzog (UPyD) ETB2n: "Kongresuan talde propioa eduki dezakegu sondeoen arabera".

20:15 Espainiako RTVEren sondaketaren arabera, PPk gehiengo absolutua lortuko luke (181-185); PSOEk, 115-119; IU igotzen 9-11 jarlekutaraino eta Amaiurek 6-7, EAJk baino gehiago, 4-5.

20:12 Garaipena ia seguru ikusita, galdera nagusia Rajoyk nolako diskurtsoa esango duen da PPren Madrilgo egoitzan #bozA20

20:10 ETB2n diote PSE, EAJ eta Amaiurren arteko berdinketa teknikoa egon daitekeela EAEn (TNS Demoscopiaren sondeoa)

20:00 Itxi dituzte hauteslekuak.

Espainiako  Barne Ministerioak emandako datuen arabera, Euskal Autonomi Erkidegoan nabarmen egin du gora partaidetzak. 18:00etan emandako datuen arabera, Gipuzkoan %7 igo da partaidetza orain lau urteko datuekin konparatuta, Bizkaian %5, Araban ia datu berak dituzte eta Nafarroan berriz, %5 jaitsi da boto emaileen portzentaia. Orain lau urte ezker abertzaleak abstentzioa eskatu zuen. 20:00etan itxiko dira bozkalekuak eta orduan hasiko gara emaitzen datu ofizialak ematen.

Eguerdiko 14:00etan eman dituzten datuen arabera, hau zen egoera: Gipuzkoan %38,31k bozkatu du, 2008an baino ia lau puntu gehiagok. Bizkaian ere ia lau puntukoa zen igoera ordu berean, eta %42,06 zen partaidetza ordu hartan. Araban %38,54k bozkatua zuen, ia 2008ko datu bera, eta Nafarroa izan da Hego Euskal Herrian partaidetza jaitsi duen lurralde bakarra, ia bost puntu gainera: %36,95ak bozkatua zuen, duela lau urteko %42,72aren aurrean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroaren Konkista
2023-12-13 | Axier Lopez
Gipuzkoa konkistatu zuen Gaztelako erregearen omenezko kaleari izena aldatu dio Arrasateko Udalak herritarren eskariz

Gipuzkoa Nafarroako Erresumatik aterarazi eta Gaztelarentzat konkistatu zuen Alfonso VIII. erregearen omenezko kaleari izena aldatuko diote. Horren partez, “17 emakume" deituko da kale hori, frankismoaren lege matxisten aurka borroka egin zuten herriko emakume batzuen... [+]


2023-09-12 | Euskal Irratiak
Nafarroa bizi dela aldarrikatu dute Donapaleun

Memoria eta aldarrikapen eguna izan da larunbatean Amikuzeko hiriburuan. "Sekulan baino gehiago, gure izanetik aurkitu indarraz, bihar gu girena hazi", izan dira Zabalik elkarteko presidentearen hitzak, Nafarroa Bizirik eguneko ekitaldi ofizialean.


Nafarroako Estatu Nagusiak Donapaleun
500 urteren ondoren, oroimena eta hizkuntza bizirik

1523ko abuztuaren 18an, Henrike II.a Nafarroako erregeak Estatu Nagusiak deitu zituen Donapaleun. Gaztelaren eraso eta konkistaren ondoren, Nafarroa Behereko lurraldera mugaturik geratu zen erresumak bere egiturak bizirik mantentzeko azken saiakera izan zen hura. 500 urte... [+]


Duela 500 urte Nafarroako Estatu Nagusiak bildu zirela oroituko dute Donapaleun

Larunbat honetan egun osoko egitaraua antolatu dute Zabalik elkarteak, Nabarraldek eta Hernani Errotzenek, gogorarazteko 1523an Nafarroako Erresumak Donapaleun ezarri zuela hiriburua eta bere egiturak mantendu zituela.


Eguneraketa berriak daude