Donostiako Parte Zaharrean, abendua eta urtarrila bitartean “gertatutako errepresioaren aurrean, auziperatuen babes politiko eta ekonomikoa antolatzeko” plataforma irekia aurkeztu dute larunbatean zenbait auzokidek.
Zenbait auzokidek “Parte Zaharra Aske” plataforma aurkeztu zuten larunbatean Donostiako Trinitate plazan. Abendua eta urtarrilean auzoan egondako errepresioaren ondorioz auziperatuekiko “elkartasuna antolatzeko” xedea dauka: “Euskal Herriko beste hainbat tokitan bezala, abenduaren 12tik aurrera, pandemiaren segurtasun neurriak aitzakiatzat hartuz, poliziak hamaika arazo eta istilu sortu zituen Donostiako Parte Zaharrean”.
“Polizia izan zen egunez egun auzoa militarizatu, gazteak inpunitate osoz jazarri eta istiluak sortu zituena”, gogorarazi dute. Hilabete baino gehiagoz luzatu ziren gertakariak eta ondorio larriak izan zituzten: “Hamarnaka pertsona jipoitu eta zauritu zituzten, poliziaren partetik jazarpena eta mehatxuak eta identifikazio zein miaketa arbitrario ugari izan ziren. Horiez gain, atxiloketak, tratu txarrak, epaiketak, muntaia polizialak eta zigorrak ere ugari izan ziren”.
Guztira, gutxienez 16 lagun atxilotu zituzten eta hamarnaka identifikatuak eta kolpatuak izan ziren egun horietan. ”Atxilotuetako batzuk zigor handien arriskua duten epaiketak” jasan beharko dituztela ere adierazi zuten. Horrez gain, zenbait salaketa larri azpimarratu zituzten. Horien artean, akusazio faltsuak onartzeko presioak, neurrigabeko jipoiak eta tratu txarrak eta haienak ez ziren objektuak zigortzeko erabili nahi izatea besteak beste.
Horregatik, "elkartasuna antolatzeko" beharra azpimarratu dute plataformako kideek eta dei egin diete gaiaren inguruko informazio edo testigantzarik dutenei haiekin kontaktuan jar daitezen, pzaske@riseup.net helbide elektronikora idatzita edo sare sozialen bitartez . Bestetik, epaiketen kostu ekonomikoei aurre egiteko antolatutako erresistentzia kutxan ekarpenak egiteko deia ere zabaldu dute, ES 17 1550 0001 2000 0922 9329 kontu korrontean hain zuzen ere.
🔻Plataformaren AURKEZPENA!
[IRAKURKETA] (1/2)
"16 lagun atxilotu, beste asko kolpatu eta hamarnaka identifikatu zituen Poliziak egun horietan"." Atxilotuetako askok zigor handien arriskua duten epaiketak jasan beharko dituzte oraindik." pic.twitter.com/mkUcO1yzES
— Parte Zaharra ASKE (@pz_aske) March 21, 2021