argia.eus
INPRIMATU
“Parte hartzeko dugun eskubidea aldarrikatzen jarraituko dugu, eta aurten ere ez gara jaietatik kanpo geratuko”
  • Ehunka lagun mobilizatu dira berriz Gasteizen, txosnetan GKSren eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren aurka mantentzen duten betoa dela-eta, irtenbide bat aldarrikatzeko.

Gedar @GedarLangileKZ 2025eko ekainaren 17a
Gedar

Manifestazioa egin zuten ostegun arratsaldean Gasteizen (Araba), Txosnak denontzat, irtenbidea orain! lelopean. Izan ere, bost urte bete dira jada Gasteizko Txosnetan Gazte Koordinadora Sozialistari (GKS) eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistari beto politikoa jarri zietenetik, eta, oraindik ere, debekatu egiten diete jaigunean parte hartzea. Horiek horrela, ehunka pertsona mobilizatu ziren atzokoan, irtenbide bat exijitzeko. 

"Inork gutxik ulertzen duen egoerak aurten amaiera izango zuela zirudien arren, jaiak gerturatzen ari dira eta Txosna Batzordeak ez du irtenbiderik proposatu", jakinarazi zuten GKSko eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideek: "Aurten, beste behin ere, egoera publikoki salatu dugu, eta zein izan da erantzuna? Isiltasuna". Batzordeak, beste urte batez, ez du erakutsi "egoerari aterabidea emateko borondate errealik". 

Irtenbidearen aldeko babes zabala

Txosna Batzordeak GKSren eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren kontrako debekua mantendu nahi duen bitartean, gero eta gehiago dira betoaren aurka eta irtenbide baten alde egiten ari direnak, eta horren erakusle da osteguneko mobilizazioa. Iaz Euskal Herriko 100 bat kolektibok eta 150 bat kulturgilek defendatu zuten Mugimendu Sozialistak ere eskubide osoa duela festetan parte hartzeko, eta azken egunetan, "Gasteizko Txosnetan urte luzez aritu izan diren eta herri-mugimenduaren parte diren" beste hainbat pertsonak ere eman diete babesa GKSri eta sindikatuari.

Manifestazioan salatu zutenez, aterabiderik ez eman nahi izatearen oinarrian dago "Ezker Abertzalearen inguru politikoak hasieratik Mugimendu Sozialistarekiko zabaldu duen mesfidantza", hura "isolatzeko" eta "ekonomikoki itotzeko" asmoz. Hala ere, "elkarlanean jarraitzeko" borondatea berretsi zuten GKSk eta sindikatuak, jaietan parte hartzeko duten eskubidearen defentsan. "Parte hartzeko dugun eskubidea aldarrikatzen jarraituko dugu, eta aurten ere ez gara jaietatik kanpo geratuko", aldarrikatu zuten.

Horrekin batera, elkartasuna adierazi zieten Bilboko (Bizkaia) Luberri Konpartsako kideei, haiei ere betoa ezarri baitzieten Bilboko Konpartsetan Ezker Abertzalearen ekimenez, eta indarrean segitzen du haien kontrako debekuak.