Parte-hartzea nagusi Arroan, Eskola Txikien Festan

  • Sakulupe guraso elkarteko kideek, "emozioz eta nekez" beteta eskerrak eman dizkiete ekainaren 11n Eskola Txikien Festa egiten lagundu zuten guztiei. Eguraldi ederra lagun, festa ederra eta parte-hartzailea antolatu zuten. Hurrengo urtean Oikiaren txanda izango da.


2017ko ekainaren 13an - 07:26
Arroako ikasleak, biharamonean, eskola guztietako haurrek osatutako lorategia jasotzen.

Urtero, eskola txiki guztietako ikasleek elkarrekin ekintza sinboliko bat eginez ematen zaio festari hasiera. Ekainaren 11n, eskola bakoitzak era batera eginiko loreak sartu zituen Arroako eskola berria egingo duten zelaian, guztien artean "Arroa" hitza osatzen zutela. Izan ere, auzoan zehar zabaldutako pankartek eta hasierako ekitaldian azpimarratutako hitzek "Arroan eskola berria orain" mezua helarazi zuten egunean zehar. Baita "herriak lotu, bidegorria amaitu" ere, bertatik Zumaiara edo Zestoara joateko kotxearen dependentzia baitute. Arazoen konponbide zehatzak proposatzeaz gain, egun alai eta oparoa antolatu zuten. Urtero bezala, jendetza bildu zen Eskola Txikiak herri txiki eta auzoen bizigarri direla aldarrikatzeko, eta eguraldiak urtero ez bezala izugarri lagundu zuen.

 

Gorputza hennaz apaintzeko aukera izan zuten umeek.
Goiz eta arratsaldez, jolasak txandakatzea

Eskola txikiak dituzten Gipuzkoako herriak lau taldetan banatu zituzten, eta auzoan zehar lau jolas-gune atondu. Herri-multzo bakoitzak ordu erdi egin zuen jolas-gune bakoitzean. Oso eskertzekoa, jolasak irudimen handikoak zirela, haur eta helduak martxan jarri zituztenak. Zirko gunean xaboi ponpak egin zituzten, zuhaitzetik zuhaitzera soka gainean ibili, salto, platerak makilen gainean dantzan jarri... Koloreen gunean bainurako gatzak egin zituzten, mandalak margotu, baita hennaz gorputza apaindu ere. Frontoian zaku karrerak eta inoiz probatu gabeko era guztietako karrerak, txinga-eramatea, soka-tira... Eta zelaian ginkana eta koloretako karparekin jolas kooperatiboak. Arratsaldean, Ekaingo museoaren laguntzaz, zotzari eraginez sua egin nahirik ikusi genituen adin guztietakoak elkarlanean. Nahiko txispa eta arpa-jotze piztu zuen ariketak, baina surik apenas... Era guztietako puzgarriak ere izan ziren.

Karparekin jolas kooperatiboak egin zituzten.
Bazkaria, kantua eta musika... aparretan

320 lagunek bazkaldu zuten marmitako edo makarroi platerkada. Ostean, kantu saioa egin zuten karpan, soinuaren laguntzaz. Egun osoan zehar trikitilari taldeak aritu ziren kaleak girotzen, baita joaldunak ere. Egunari bukaera biribila apar-festak eman zion. "Umeak neka-neka eginda eta gainera bainatuta eramango dituzue" iragarri zuten megafoniatik.

Hurrengo urtean, Oikian

Bertatik bertara esku-aldatu zuten Eskola Txikien ikur den lekukoa. Arroatik Oikiara, Zestoaren auzotik Zumaiakora. Arroako Sakulupe guraso elkarteak oikiarrei eskaini dizkiete komunikabideetara igorri duten balorazioko azken lerroak: "Gure berotasuna eta hauspoa oikiarrei, guk egindako bidea orain hasiko dute haiek, luzea eta gogorra une batzuetan, neketsua ere bai, baina aberasgarria eta gozagarria zalantzarik gabe. Animo eta eutsi gogor!".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskola Txikien Festa
2022-06-07 | Estitxu Eizagirre
Errezilen egingo den Eskola Txikien Jaiak Maria Dolores Agirreren ibilbidea taularatuko du

Ekainaren 12an egingo da Eskola Txikien 34. jaia, Errezilen. Bertako herritarrak hilabetetan aritu dira prestaketa lanetan eta egun osoko egitarau ederra prest dute. Arratsaldean 5. eta 6. mailako ikasleek antzerkia eskainiko dute: Errezilen jaio zen Maria Dolores Agirre idazle,... [+]


2019-05-30 | Usurbilgo Noaua
Aginagak "ateak zabalik", ekainaren 9an Gipuzkoako Eskola Txikien festa ospatzeko

Gipuzkoako eskola txikien arteko hartuemanak sendotu, elkar ezagutza bultzatu eta haien guztien topagunean bilakatuko da Aginaga ekainaren 9an. Aginagako Eskolaren bueltan ospatuko da, Gipuzkoako Eskola Txikien festa. Asteazken eguerdi honetan aurkeztu dute.


Badator eskola txikien egun handia

Herri-bizitzaren motor eta bihotz, haurrak aniztasunean eta herriarekin eta naturarekin harreman estuan hezteko eredu aproposa dira eskola txikiak. Bai pedagogikoki, bai auzo eta herrietako komunitatean duten garrantzia aldarrikatzeko, aurten ere Gipuzkoako Eskola Txikien Jaia... [+]


2017-06-08 | Estitxu Eizagirre
Igandean Eskola Txikien Festak zeharkatuko du Arroa

Eskola txikiak herri eta auzoak bizirik izateko funtsezkoak direla adierazten du festak. Aukera polita izango da Arroa auzoko (Zestoa) eskolaren errealitatea ezagutzeko, tartean, gurasoek larritasunez eskatu arren atzerapenez doazen eraikuntza berriaren orubea.


2015-06-28 | Estitxu Eizagirre
Eskola txikien festa
Etekin ekonomikoei muga

Festa handiagoa egin, jende gehiago bildu, diru etekin handiagoa atera. “Orain arte gurpilak eraman gaitu” aitortu dute Gipuzkoako Eskola Txikietako Gurasoen Koordinadorako lehendakari Nagore Iñurrategik, eta Eskola Txikietako irakasleen koordinatzailea den... [+]


Eguneraketa berriak daude