18:00etan itxi dituzte hauteslekuak Ipar Euskal Herrian eta 20:00etan Hego Euskal Herrian.
Parte hartzea: oro har, behera
18:00etarako, 2019an baino ia 12 puntu gutxiagokoa zen EAEn, eta 14 baxuagoa Nafarroan. Hain zuzen ere, 18:00etarako herritarren %41,3k bozkatu dute Nafarroan, %38,3k Araban, %41,5ek Bizkaian eta %40,1ek Gipuzkoan. Kontuan hartu behar da 2019an beste hauteskunde deialdi batzuekin egin zutela bat Europakoek. Aldiz, 2014ko parte hartze datuarekin konparatuta, igoera litzateke.
Pirinio Atlantikoetako departamentuaren arabera, 17:00etarako, datua %44,71koa zen. Duela bost urte, une berean, %43,99.
Inkesta Hegoaldean
Hauteslekuak itxi berri kaleratu den inkestaren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan PSOE litzateke lehen indarra, botoen %27,2 jasota, eta gertu edukiko luke CEUS koalizioa (EAJ-Coalición Canaria), botoen %27,1ekin. Orain Errepublika koalizioa (EH Bildu-ERC-BNG), berriz, hirugarren indarra litzateke, botoen %19,1 jasota.
Nafarroan ere PSOEk irabaziko lituzke hauteskundeak, Sigma Dos enpresaren arabera.
Espainiako Estatuan, dena den, PPri ematen diote garaipena.
Emaitzak, ordu diferenteetan
20:00etatik aurrera hasiko dira Frantziako Estatu mailan lehenengo emaitzak argitaratzen. Hego Euskal Herrikoak, berriz, 23:00etatatik aurrera jakinaraziko dituzte, orduantxe itxiko baitira azken hauteslekuak Italian.