Irailaren 19an –etzi– hitzordu jendetsua lortu nahi du Bake Bidea-k, 30 urtez preso segitzen duten Ion Parot, Unai Parot, Jakes Esnal eta Xistor Haramburu euskal preso politikoen askatasuna exijitzeko. Herriz herri eginen dituzte elkarretaratzeak eta auto-karabanen bidez guztiak batuko dira Baionako suprefeturaren aitzinean 14:30tan.
Bake Bideak argi du: "Paris eta Madril kosta ala kosta bake prozesuan sartu beharko dira". Horretara behartzeko herri mobilizazioa ezinbestekotzat joz, irailaren 19rako –larunbat honetako– finkatu dute hitzordua. Ion Parot, Unai Parot, Jakes Esnal eta Xistor Haramburu euskal preso politikoen berehalako askatasuna exijitzeko unea izanen da. Goizeko 11:00etan Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan gaindi mobilizatu ondoan, auto-karabanen bidez Baionaruntz abiatu eta suprefetura aitzinean batuko dira 14:30tan.
Ion Parot, Unai Parot, Jakes Esnal eta Xistor Haramburu euskal preso politikoek 30 urte daramatzate kartzelan. "Kartzela ez da bateragarria elkarbizitzaren eraikuntzarekin", Bake Bideak oroitarazi duenez eta horretarako espetxe politika aldatzeko deia berretsi zuen Bake Bideak, ekimen hau aurkezteko prentsaurrekoan.