argia.eus
INPRIMATU
Parisko Cervantes Institutuaren eraikina EAJri bueltatzeko eskatu dio Ortuzarrek Espainiari
  • Andoni Ortuzar EAJko presidenteak asteartean Espainiako Estatuari eskatu dio itzul dezala Cervantes Institutuak gaur egun Parisko Marceu etorbidean daukan eraikin bat, 1936an EAJk erosi zuena eta II. Mundu Gerran Gestapok –Alemania naziaren polizia sekretua– bereganatu zuena.

ARGIA @argia 2018ko urriaren 17a
Andoni Ortuzar, EAJri kendu zioten Marceau etorbideko eraikinaren aitzinean.

Eraikinaren jabea EAJ dela gogorarazi du Ortuzarrek Frantziako Estatuko hiriburura egin duen bisitan. Espainiako presidentearekin aurrekontuez hitz egiteko bildu aurretik egin ditu adierazpenok Ortuzarrek.

Lehenago ere, jeltzaleek Jose Maria Aznarren eta Jose Luis Rodriguez Zapateroren Espainiako Gobernuekin ere negoziatu zuten eraikin horren itzulera, emaitzarik gabe.

1940an berenganatu zuten naziek Marceu etorbideko eraikina eta 1944ra arte erabili zuten. Ondoren, 1951ra arte, EAJren esku egon zen berriz, baina Frantziako Gobernuak husteko agindu zuen eta Francoren esku zegoen Espainiari eman zion. Geroztik, Espainiako Estatuaren esku egon da eta 1978ko Trantsizioaren ondoren ere, jeltzaleek ezin izan dute eraikina berreskuratu.

Frantziako epaitegietako bi sententzia erabili izan ditu Espainiako Gobernuak jarrera horri eusteko: 1951koa bata, eraikina Espainiari eman zitzaion urtekoa; eta 1955ekoa bestea. Espainiako Auzitegi Gorenak ere 2003an beste epai bat argitaratu zuen, bastimendua EAJri itzultzearen aurka.