argia.eus
INPRIMATU
Parekidetasuna bultzatzen dutenak sarituko ditu Hondarribiko Jaizkibel konpainiak
  • Hondarribiko Alardean emakumeei soldadu gisa desfilatzeko aukera ematen dien konpainia bakarrak, Jaizkibelek, sari bat sortu du gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde lan egiten duten pertsonak eta erakundeak nabarmentzeko.

ARGIA @argia 2015eko maiatzaren 12a
Hondarribia "plastiko beltzen hiria" izateari uzteko nahiak bultzatu du saria sortzea.

“Pertsona askorentzat, Euskal Herrian eta hemendik kanpo, Hondarribia plastiko beltzen hiria da. Hondarribia berdintasunaren hiria bilakatzen laguntzea da Jaizkibel Konpainiaren helburuetako bat. Horregatik antolatu dugu aurten Hondarribia, berdintasunaren hiria saria”, jakinarazi du konpainiak.

Ekainaren azken egunera arte jasoko dituzte proposamenak Jaizkibelen Facebook orrian eta jaizkibelkonpainia@gmail.com helbidean. Ondoren, epaimahai batek erabakiko du nori eman saria.

Pertsona ezagunak epaimahaian

Pertsona hauek erabakiko dute nork jasoko duen lehenbiziko aldiz berdintasunaren aldeko sari hau:

- Nieves Alza (Txingudi saski baloi elkartearen presidente ohia eta Hondarribiako urrezko domina jasotakoa).

- Garbiñe Biurrun (epailea)

- Xabier Lapitz (kazetaria)

- Maialen Lujanbio (bertsolaria)

- Paul Rios (Bakearen eta giza eskubideen aldeko aktibista)

Uztailaren erdialdean jakinaraziko da nor den aurtengo irabazlea.