argia.eus
INPRIMATU
Paperezko su-etenaren ostean istiluak berriz Ukrainan
  • Istilu larriek etenik ez dute Ukrainan asteazken gauean Janukovitx presidenteak eta oposizioak behin-behineko menia lortu zuten arren.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2014ko otsailaren 20a
Kieveko Independentzia plazan zauritutako pertsona bat (argazkia: Reuters).

35 lagun hil dira jada. Heriotza horiengatik dolua adierazteko behin-behinean indarkeria etetea adostu zuten Ukrainako gobernuak eta presidentea kargutik kendu nahi duten oposizioko indarrek. Pravyi Sektor oposizioko talde eskuindarrak ez du menia errespetatu ordea, RT hedabidearen webgunean irakur daitekeenez.

Ondorioa: berriz ere sutan dira Kieveko kaleak. Ukrainako barne ministroak adierazi duenez, 23 polizia zauritu dituzte frankotiratzaileek balaz.

Atzo Ukrainako segurtasun zerbitzuek adierazi zutenaren arabera, protestetan parte hartzen ari direnen arteko zenbaitek armak eskuratu dituzte, 1.500 inguru iturri horiek diotenez.

Protesten ondorioz atzo Ukrainako segurtasun indarrak kanporatu zituzten hiriburuko Independentzia plazatik eta Urriko jauregia inguratu zuten (kongresuak antolatzeko erabiltzen da hiriburuan dagoen eraikin enblematiko hori).

Europar Batasuneko atzerri ministroak ez-ohiko bilerara deitu zituzten atzo krisiari buruz hitz egiteko. Nazioarteak isunekin mehatxu egin du indarkeriak etenik ez badu.