Atzo aurkeztu zuen Anjel Lertxundik ipuin laburrez osaturiko Paper-festa (Alberdania 2012) liburua Donostiako Udal Liburutegian. “Ingurua begiratzetik sortutako ipuin mordoa dago hemen; Nire hurbileko errealitatearekin oso lotua dagoen liburua da”, adierazi du idazleak.
Eskarmentuaren paperak (Alberdania, 2009) liburuaren antzeko estiloa jarraitu du idazleak, “obsesio” berberen inguruan mintzo da, baina beste ikuspuntu edo begirada batetik jorratu du. Garai berriekin bat egin du Lertxundik eta ipuin edo testu laburren estilora itzuli da berriro: “Ezin ditugu gauzak kontatu duela 100 urte bezala. Gauzak oso azkar gertatzen dira, gauzak oso azkar aldatzen dira. Gutxienarekin ahalik eta gehien ematen ahalegindu behar du”. Modu desberdinetako trantsizioak egiten ditu “irakurlea ez dadin monotonian erori”.
Lau ataletan banatu du liburua; historiak eta gizarte gaiek betetzen dute lehena; arteak, literaturak eta euskarak bigarrena; heriotzak hirugarrena; eta giza harremanek azkena.